Dekapitalismoa

-Zertan ari zara pentsatzen?
-Ez, ezertan.
-Zerbaitetan bai
Aspaldian, ez dut bigarren zatia ahoskatzen. Si-nesten dut ezertan pentsatu gabe egon daitekeela. Egon gaitezkeela, izan gabe.
Gauzak bi aldiz pentsatu ondoren egin behar direla esan digute beti; irakatsi, baina, gauzak pentsatu gabe egiten irakatsi digute. Gauzak bi aldiz hausnartu ezean, hanka sartzeko arriskua dago. Hanka sartzeko beldurra sorrarazten digutela argi dago, baina ez hori bakarrik: sartzeko aukera ere ukatzen digute. Nola ukatzen den hori? Zirrikituak ezkutatuta, eta zirrikituei zulo izena mailegatuta. Bideak, aukerak irudikatzeko gaitasuna antzututa. Aukeratzeko aukera, batzuek aukeratutako au-keretara mugatuta.
Bizi osorako hipoteken kontuarekin larrituta dago jendea. Aukera bakartzat ikusten duten seinale. Halabeharrez onartzen ditugu ustez halabeharrez hartzen diren erabakiak, baina ez dira behartuta hartutako erabakiak, behartutako erabakiak baino. Bolognarekin kezkatuta dago karpetadunen bat ere. Baten bat, eh! Ez gehiegi. Baina europarrak izatekotan, halako programak aplikatu behar ditugu, amig@. Europarrak izan nahi dugun? Baietz esaten dute.
Eguraldi ona egiten hasiko da aurki eta ez naiz aldaketa klimatikoaz ari, eta baten batek galdetuko dit zergatik egiten duen hain eguraldi ona, justu berak lanera joan behar duenean. Nik, eguraldi ona egiten duenean lanera zergatik joan behar duen erantzungo nioke, baina ez dut egingo; axolagabea naizela esango didalako eta ez dut esaten, nahastuko denik. Baina ez pentsa -besteek egingo dute zure partez; hain txarra ere ez da lan egitea. Oporrak izaten dituzu gero. Eta dirua, postaletan xahutzeko. Lanean ari direnei bidaltzeko.
Ziur musika gustatzen zaizula. Zergatik aldatu du-dan gaiz? Ez dut egin. Asteko hamar kantarik onenak zein diren esango dizute, eta hurrengo astean, ezingo duzu kanta hauen melodia ezpainetatik urrundu. Arrautza eta oiloa, berdin dio hurrenkerak. Kontua ez da gustatzen zaizkizun edo ez, zure belarriei gustatzen zaizkie, eta zuk ez duzu erreproduzitu beste erremediorik. Oilook, bustiok, bi-zirik jarraitzen dugu burua moztuagatik. Tximinoetatik gatoz eta tximinoak, oiloetatik.
-Zertan ari zara?
-Pentsatzen.
-Eh?