Deabruak Teilatuetan: “Deabruak ez ginen amore emateko jaio"

Deabruak Teilatuetan: “Deabruak ez ginen amore emateko jaio" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/deabruak-teilatuetan-deabruak-ez-ginen-amore-emateko-jaioquot/@@download/image/79p58Deabruak1.jpg
2007/11/02
elkarrizketa
Julen Azpitarte
Bederatzi urteko etenaldiaren ondoren, bueltan da Deabruak Teilatuetan taldea. Deabruek "1973" izeneko hirugarren diskoa kaleratu berri dute Tolosako Bonberenea gaztetxearekin, eta egun hauetan, gogor ari dira abenduaren 29an Bonberenean bertan eskainiko duten kontzertua prestatzen. Guk deabruetako bat izan dugu solaskide: Aritz Mendieta kantaria.

Debaruak urtarriletik hona aritu dira lokalean, ezkutuan, 1973 diskoko kantak lantzen. Aurretik, Itsumutugor (1995), Zein da zein? (1997) eta kanta bitxiekin osaturiko Deabruak guarda bilduma (1998) grabatu zituzten Esan Ozenki diskoetxearekin.

Aritz Mendieta abeslariak esan digunez, disko berriak ez du ezusteko handirik. Gu, ordea, ziur gaude batek baino gehiagok sorpresa handia hartuko duela, ez bakarrik diskoak dakartzan 11 doinu berriengatik, 90eko hamarkadako euskal rockak emandako talde interesgarrienetariko bat agertokietan berriz ikusteko aukera izango dugulako baizik.

Hasteko, aurten aurkezpen kontzertu bakarra eskainiko dute Bonberenean abenduaren 29an, baina datorren urtean zuzeneko gehiago emango dituztela iragarri dute. Deabruak taula gainera igotzeko irrikitan daude. Iñigo Arruti (bateria jotzailea), Joni Ubeda (baxu jotzailea), Imanol Ubeda (gitarra) eta Aritz Mendieta (kantaria) letaginak ondo zorroztuta bueltatu dira.

Bederatzi urteren ondoren, nolako sentsazioak izan dituzue lokalera itzuli zaretenean?

Oso onak. Egia esan, gure artean feeling berezia dago. Kimika kontua omen da. Izan ere, aspaldiko lagunak izateaz aparte, musika munduan lehen urratsak elkarrekin eman genituen. Beraz, oso eroso sentitu gara lehen unetik. Baina gimnasiatik ere badu musika talde batean aritzeak. Dagoeneko sasoi betean gaudela esan daiteke. Gure arteko sintonia hori berreskuratzeaz gain, sasoi puntua ere berreskuratu dugu hilabeteotan. Orain, plazara ateratzeko gogo biziz gaude.

Taldea berreskuratu beharra sentitu duzue ala prozesu natural baten ondorioa izan da berriro elkartzea?

Duela bederatzi urte, taldearen martxa eten egin behar izan genuen. Ikasketa eta lan kontuengatik, gure bideak urrundu egin ziren. Geroztik, denok izan dugu noizbait bueltatzeko grina hori. Kirmen Uribe gogora ekarrita, denborari bere bidea libre osatzen utzi diogu. Eta bederatzi urteren ondoren, berriz elkartzeko baldintzak sortu dira. Aukera hori ez genuen alferrik galdu nahi, eta horren emaitza da disko berria, 1973. Galderari helduta, gure beharrak eta lehentasunak beste era batekoak direla uste dut, eta akaso, ez daude musikari lotuta. Bai, prozesu naturala izan da.

Kanta berriak erraz sortu dira? Aldaketarik sumatu duzue garai bateko abestietatik?

Kantak lanaren emaitza dira. Batzuetan nahi baino denbora luzeagoa behar izaten da hitzak biribiltzeko, abestiari azken ukitu hori emateko… Baina dena lanaren emaitza da. Kanten trazari dagokionez, ez dugu nahikoa distantziarik hartu oraindik. Eta gainera, ez dakit gu ote garen gure abestiak epaitzeko egokienak. Gu, behintzat, konforme gaude kanta hauekin. Elkartze hutsa pozgarria bazen guretzat, are pozgarriagoa, abesti berriekin itzultzea.

Eta bat-batean, diskoa argitaratzeko aukera sortu da. Ezustean harrapatu zaituzte?

Ezustea zaleek hartu dute. Gu urtarrilean hasi ginen entseatzen, kantak bideratzen… Zentzu horretan, BAP!-en abesti ederrak dioen bezala, celosamente gordea izan dugu dena.

1973 du izenburu diskoak. Zuen lauron jaiotza urtea da. Bada izenburu hori jartzeko beste arrazoirik?

Amore emateko ez ginela jaio dio 1973 kantak. Eta, zeharka, taldeaz ari garela uste dut: deabruak ez ginen amore emateko jaio. Gauzak ez dira beti nahi bezala suertatzen. Batzuetan, aterkia zabaldu eta ekaitza pasatu arte itxaroten jakin behar da. Eta okerrenean ere, bada beti heldulekuren bat, ezta? Aurrera begiratzeko joera dugu. Urte hauetan ez dugu amore eman, eta bizirik gaudela esateko gogoa dugu.

Kaki Arkarazorekin grabatu duzue diskoa. Zer moduz grabazio prozesua eta azken emaitza?

Gure lehen diskoa Kakirekin grabatu genuen. Oso ondo ezagutzen du taldea, badaki gutariko bakoitza noraino irits daitekeen eta, batez ere, ondo daki gutariko bakoitzak zein muga dituen. Esperientzia handiko ekoizlea da, eta hori ere funtsezkoa da disko bat grabatzerakoan. Harreman estua dugu, eta horrek laguntzen du. Ildo horretatik, grabazio prozesua oso atsegina izan da. Inoiz baino gehiago gozatu dugu, berriro elkartzeko aukerak indar eta ilusio handia eman digulako. Baina grabazio guztietan bezala, oraingoan ere oso zorrotzak izan gara. Asko eskatu diogu gure buruari. Estudio lanari ezin diozu inoiz errespetua galdu.  

Aldaketarik izan da hitzetan?

Gure kezka, ezinegon, ilusio eta gogoeten emaitza dira hitzak. Eta gu duela bederatzi urtekoak gara, baina akaso, ingurua-garaia aldatu da, eta, noski, ingurua-garaiarekin batera gu ere aldatuko ginen. Hitz gutxitan, 2007ko deabruon isla dira abesti hauek.

Deabruak Teilatuetan hardcore melodikoaren zakuan sartu zuten hasieran. Disko berria entzun eta gero, zaku horretan sartzen jarraituko dutela uste duzu?

Lehendik taldea gustuko duenak ez du sorpresa handirik hartuko. Ez dugu inolako estrategiarik jarraitu, lanean hasi aurretik ez dugu premisa jakinik ezarri. Duela bederatzi urtekoak gara. Eta duela bederatzi urte albo batean utzi genituen musika instrumentu horiek dira eskuan hartu ditugunak. Emaitza? Osagai horiekin, azken hilabeteotan lau lagunek egindako lana.

1998an taldea eten zenuten. Garai hura eta egungoa oso ezberdinak dira. Zuen diskoa merkaturatu bezain laster Interneten ikusteko prest zaudete?

Ez dugu zer eginik. Beraz, ez da borondate kontua. Gure kantak zabaltzeko modu berriak sortu dira. Eta teknologia berriek musikaz gozatzeko beste modu batzuk ekarri dituzte. Disko guztiak agortzea nahi genuke, hartara ez baikenuke zorrik egingo, eta Bonberenea gaztetxekoak ere ez baikenituzke zorretan utziko. Dena den, diskoa saretik jaisten duenak Joseba Poncek egindako diseinua galduko du. Eta hori ere diskoaren zati garrantzitsua da.

Nola ikusten duzue euskal musikaren panorama? Nolako etorkizuna ikusten diozue?

Ona, ezta? Musikak jende asko mugiarazten du. Talde piloa dago, kontzertu asko egiten dira eta, zorionez, zuzenean jotzeko toki ugari dago. Akaso diskogintza dago krisian. Teknologia berriek garai berriak ekarri dituzte. Musika elkartrukatzeko modu berriekin, asko aldatu dira ohiko diskogintzarekiko harremanak. Gainera, diskogintza munduak ez du bide zehatzik hartu oraindik. Hala ere, sormena da guztiaren motorra. Sormenik gabe, ez dago kantarik, ez diskorik, ez saretik jaisteko abesterik… Eta sormen aldetik, gauza politak eta ez hain politak entzuten dira gaur egun. Duela 10 urte bezalaxe.

Abenduaren 29an Bonberenean joko duzue. Urduri? Kontzertu gehiago emango duzue?

Zergatik egon behar dugu urduri? Berriz taula gainera igotzeko irrikitan gaude, jendearen erantzuna zein izango den jakinminez... Baina urduri? Berdez jantzita doazen armadunekin bai, edo urdinez edo gorriz janzten diren elementu horien aurrean bai, baina kontzertu baten aurrean? Arduraz, akaso. Gauzak ondo egin nahi ditugulako. Kontzertu polita eman nahi dugu, guk ere gozatu ahal izateko. Zorionez, datorren urtean kontzertu gehiago eskaintzeko aukera izango dugu.

Zuen ustez, jendeak nolako harrera egingo die kontzertuari eta diskoari? Inguruko jendearengan, erreakziorik antzeman duzue?

Gure buruari ere galdera hori egiten diogu. Ona espero dugu. Gu borondate onenarekin aritu gara diskoa prestatzen, ilusio handiarekin ari gara zuzenekoak lantzen… Bob Dylani lapurtuko diogu galdera horren erantzuna: "The answer, my friend, is blowin' in the wind". Gure ingurukoek, koadrilakoek bereziki, gogo bizia dute. Gure kontzertuetara etortzen ziren lagunentzat, bederatzi urte gaztetzea bezalakoa izango da. Bada lifting saio atseginagorik? Bestalde, badira sekula zuzenean ikusi ez gaituztenak ere, belaunaldi gazteenak. Haietako batzuk ere gogotsu ikusi ditugu. Ea ez diegun kale egiten.