David Lynchen pelikulen zikloa Bilbon

David Lynchen pelikulen zikloa Bilbon Zinegile amerikarraren bost film labur eta bederatzi pelikula eskainiko dituzte abuztutik urrira BilbaoArten. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/david-lynchen-pelikulen-zikloa-bilbon/@@download/image/david lynch.jpg
2021/07/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Zinegile amerikarraren bost film labur eta bederatzi pelikula eskainiko dituzte abuztutik urrira BilbaoArten.
David Lynchen pelikulen zikloa Bilbon

David Lynch: Amesgaiztoen ameslaria zine zikloa hartuko du BilbaoArteko Art house Zinemak abuztuaren 11tik urriaren 11ra. Zinegile amerikarraren bost film labur eta bederatzi pelikula proiektatuko dira aldi honetan, guztiak jatorrizko bertsioan azpitituluekin.

Hamabost urte igaro dira David Lynch sortzaileak bere azken filma estreinatu zuenetik, eta ordutik, bere ospeak etenik gabe hazten jarraitu du. Sortzailearen nortasuna eta iruditeria apurtzailea oso agerikoak izan dira 60ko hamarkadan abiatutako ibilbidean, eta bere filmeen estiloak babesa eta gaitzespena eragin ditu, ia neurri berean. 

Bere ibilbidearen nondik norakoak ezagutzeko aukera izango da datozen hiru hilabeteetan. Abuztuaren 11n eta 12an bost film labur eskainiko dituzte: Six Men Getting Sick (1966), The Alphabet (1968), The Grandmother (1970), The Amputee (1974) eta Lumière (1995). Gainerakoak bederatzi pelikula izango dira: abuztuaren 13 eta 16an Eraserhead (1977), abuztuaren 20an eta 23an The Elephant Man (1980), abuztuaren 27an eta 30ean Blue Velvet (1986), irailaren 3an eta 6an Wild at Heart (1990), irailaren 10ean eta 13an Twin Peaks: Fire Walk with Me (1992), irailaren 17an eta 20an Lost Highway (1997), irailaren 24an eta 27an Lost Highway (1999), urriaren 1ean eta 4an  Mulholland Drive (2001), eta urriaren 8an eta 11n Inland Empire (2006). 

Edukiera mugatua izango da, eta tokia gordetzeko emanaldiaren egun berean deitu beharko da 94 415 50 97 telefono zenbakira. Pertsona bakoitzak gehienez ere bi leku erreserbatzeko aukera izango du. Informazio osagarria BilbaoArteren atarian topatuko duzue.

Jaso aldizkaria

Urtean 25€

Kultur apur batek ez dizu kalte egingo. Zauden tokian zaudela jaso GAZTEZULO

Harpidetu