Datorren astelehenean hasiko da Gasteizko Euskal Zinemaren Astea

Datorren astelehenean hasiko da Gasteizko Euskal Zinemaren Astea 'Suro', 'Gelditasuna ekaitzean', 'Cinco lobitos' eta 'Irati' filmak proiektatuko dituzte, besteak beste. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/datorren-astelehenean-hasiko-da-gasteizko-euskal-zinemaren-astea/@@download/image/Irati_2.jpg
2023/02/15

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

'Suro', 'Gelditasuna ekaitzean', 'Cinco lobitos' eta 'Irati' filmak proiektatuko dituzte, besteak beste.
Datorren astelehenean hasiko da Gasteizko Euskal Zinemaren Astea

Fundacion Vitalek antolatutako Euskal Zinemaren Astearen 39.edizioa otsailaren 20tik 25era izango da eta sei film luze eta bost film labur emango dira. Gainera, filmetako protagonistekin solasaldiak ere egingo dituzte proiekzioen ostean. 

Antolatzaileek zine jaialdiaren izaera parte-hartzailea nabarmendu dute, publikoak berak epaimahai lanak ere egiten dituelako, lanik onena hautatzeko euren botoa ematen baitute emanaldi bakoitzaren ondoren. Itxiera galan jakinaraziko dira film luze eta labur onenaren sarien irabazleak eta, bestetik, arabar zinemagintzako profesional bat ere nabarmenduko dute. 

Astelehenean, hilak 20, N-666 beldurrezko film laburra eta Mikel Gurrearen Suro emango dituzte. Hurrengo egunean, asteartean, Kevin Iglesias eta Pedro Riveroren Los días que (nunca) fueron eta Telmo Iruretari aktore berri onenaren Goya saria lorrarazi dion La Consagración de la primavera eskainiko dute. 

Alauda Ruiz de Azúaren Cinco lobitos ikusi ahal izango da hilaren 22an. Laia Costa, Susi Sánchez eta Ramón Barea dira aktore protagonistak eta zaintzaren gaia jorratzen du. Sonia EstevezenTxotxongiloa film laburra ere proiektatuko dute. 

Ostegunean, Sergio Azkarateren Erroak emango dute, eta bertan arabar landa eremuaren despopulatzea kontatzen da, bertako biztanleen eskutik. Jarraian, Alberto Gastesiren Gelditasuna Ekaitzean pelikula izango da, Loreto Mauleon eta Iñigo Gastesi protagonista dituena. 

Beatriz Silvaren Tula eta Joseba Usabiaga aktore nagusi duen El Vasco emango dituzte ostiralean, eta azkenik, Paul Urkijoren Irati filmarekin itxiko dute jaialdia larunbatean. 

Emanaldiak 19:30etik aurrera izango dira,Vital Fundazioa Kulturunean, eta abonuak eta sarrerak www.fundacionvital.eus gunean erosi behar dira. Sarrerarik geldituz gero, emanaldi bakoitzaren aurretik ere, ordubete lehenago, eskuratu ahal izango dira leihatilan. Egitarauaren eta filmen inguruko xehetasun guztiak hemen kontsulta daitezke.