Datorren astean izango da Gasteizko Euskal Zinemaren Astea
Vital Fundazioak antolatutako 38. Euskal Zinemaren Astea datorren astelehenean abiatuko da eta larunbatera arte iraungo du, sei egunekoa izango da, beraz. Arratsaldeko zazpi eta erdietan izango dira emanaldiak eta egunero film luze eta labur bana ikusteko aukera izango da. Gainera, solasaldiak ere izango dira emanaldien ondoren, filmeen egile eta protagonistekin.
Lehen egunean, hilak 21, Maider Oleagaren Kinka film laburra eta Lara Izagirren Nora eskainiko dituzte inaugurazio galaren ondotik. Oleagaren filma konfinamendua elkarrekin igaro behar duten bi emakumeren inguruko istorioa da. Bata, Doroty, latinoamerikar jatorriko etxeko langilea da; eta, bestea, Mari, adin nagusikoa eta gorreria arazoak dituena. Izagirreren pelikulak, berriz, noraezean dabilen 30 urteko neska baten istorioa du ardatz. Hildako aitonak oinordetzan utzitako auto zaharra hartu eta Euskal Herriko kostaldetik egingo du bidaia. Ane Pikaza, Hector Alterio, Ramon Barea eta Klara Badiola dira filmeko pertsonaiak gorpuzten dituzten aktoreak.

Hurrengo egunean Xabi Vitoriaren El Carne eta Iker Elorrietaren El radioaficionado izango dira ikusgai. Asteazkenean, hilak 23, Imanol Ortiz Lopezen Oculto eta Manu Gomezen Erase una vez en Euskadi pelikulen txanda izango da.
Mel Arranzen Azaletik azalera elkarrizketarik gabeko zazpi minutuko ikus-entzunezkoa da. Lerro eta forma artean, eskuek elkar ukitzen, ezagutzen eta esperimentatzen dute, larruazalaren arteko mugak bilatu nahian. Igor Legarretaren Ilargi guztiak fantasiazko fabula da, heriotzarekiko beldurrari eta hilezkortasunari buruz hausnartzen duena. Basoan bizi den emakume misteriotsu batek neska bat umezurztegi batetik erreskatatuko du. Ostegunean izango dira bien emanaldiak.

Aurtengo Goya sarietan hamalau izendapen eta hiru sari lortutako Maixabel filma ikusi ahal izango da ostiralean. David Perez Sañudoren La colcha y la madre ere izango da egun berean. Larunbatean, hilak 26, itxiera ekitaldiaren eta sari banaketaren aurretik, Ana Murugarrenek zuzendutako Garcia y Garcia pelikularen txanda izango da. Jose Mota, Pepe Viyuela, Antonio Resines eta Ramon Barea dira aktoreak.
Ikusleek ere izango dute parte hartzeko aukera, publikoak epaimahai gisa jardungo baitu, lan onenak boto bidez aukeratzeko. Itxiera galan jakinaraziko dira emaitzak, eta bertan banatuko dira sariak, baita Arabako profesionalei zuzendutako Gutariko bat saria ere.
Abonuak eta sarrerak Vital Fundazioaren webgunean daude salgai, eta baita Sokaren Etxean ere. Sarrerarik geratuz gero, leihatilan ere salduko dituzte emanaldia baino ordubete lehenago. Abonuak 15 euroko prezioa du, eta saio bakoitzerako sarrerek 4 eurokoa. Programazio osoa hemen dago kontsultagai.

