Datorren astean egingo dute Hatortxu Rock 2013

Datorren astean egingo dute Hatortxu Rock 2013 https://www.gaztezulo.eus/albisteak/datorren-astean-egingo-dute-hatortxu-rock-2013/@@download/image/hatortxu_rock_1_1382433997.jpg
2013/10/22
berria
Soziedad Alkoholika, Kaotiko, Governors, Ze Esatek, Willis Drummond, Glaukoma eta beste dozena erdi talde ariko dira aurtengo Hatortxu Rock jaialdian, Atarrabia eta Burlata arteko Entrecementerios eremuan. Guk bi sarrera ditugu eta bihar –abenduak 17– izango duzu izena emateko azken eguna!


Euskal preso politikoak hurbiltzearen aldeko Hatortxu Rock jaialdiak 16. edizioa izango du aurtengoa, eta antolatzaileek esfortzu berezia egin dute sarreren prezioa murriztu eta ikusleei erraztasunak emateko. Hala, aldez aurretik erosita, 15 eurotan eskuratu ahal izango dira tiketak, eta egunean bertan 18 eurotan jarriko dituzte salgai. Gure webguneko 'Lehiaketak' atalean, gainera, jaialdiaz gozatzeko aukera bikoitza zozkatzen dugu eta bizkor ibili asteazken honetan –abenduak 18– lehen orduan egingo baitugu zozketa. Beraz, oraindik izena egun bakarra duzu lehiaketan parte hartzeko!

Kontzertuak arratsaldeko 16:30etan hasiko dira, eta Entrecementerios gunean jarriko duten karpa erraldoiko ateak ordu erdi lehenago zabalduko dituzte. Bi eszenatoki bereiziko dituzte barruan, eta taldeak txandaka ariko dira batean zein bestean.

Orotara 12 taldek osatzen dute abenduaren 28ko kartela. Aipagarrienen artean daude 2013an disko berria kaleratu duen Kaotiko eta eszenatokietara itzuli berri diren Governors arrasatearrak. Obrit Pas valentziarrak zuzenean entzuteko azken aukera ere izango da, epe zehaztugabean banatuko direla iragarri baitute, eta El Trono de Judas taldeko lagunek ere hamazazpi urteko ibilbideari amaiera ematea erabaki dute.

Halaber, bertan izango dira Soziedad Alkoholika, Ze Esatek, Flitter, Willis Drummond, Glaukoma, Non Servium, Skakeitan eta La Raiz taldeetako lagunak. Jaialdiak "zoritxarrez" aurrera darraiela azpimarratu dute antolatzaileek, desagertzeko helburuarekin sortu baitzen orain 16 urte, baina beren ahalegin guztiak egingo dituzte festa borobila antolatzeko.