Dantzari profesionalentzako egoitza-artistiko teknikoak egiteko deialdia zabaldu du D8 Sorkuntza Faktoriak

Dantzari profesionalentzako egoitza-artistiko teknikoak egiteko deialdia zabaldu du D8 Sorkuntza Faktoriak Abenduaren 30era arte aurkez daitezke proiektuak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dantzari-profesionalentzako-egoitza-artistiko-teknikoak-egiteko-deialdia-zabaldu-du-d8-sorkuntza-faktoriak/@@download/image/4e14794904803a08e148740cdb5f61020b0492475a2b09d1b4feec0790716a48.jpg
2022/11/29

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Abenduaren 30era arte aurkez daitezke proiektuak.
Dantzari profesionalentzako egoitza-artistiko teknikoak egiteko deialdia zabaldu du D8 Sorkuntza Faktoriak

D8 Sorkuntza faktoriak egoitza artistikoen programa berria jarri du martxan, Bizkaian dantza-proiektu berrien sorrera, garapena eta zabalkundea sustatzeko. Hautatutako proiektuek egonaldi artistikoa izango dute D8 Sorkuntza faktoriaren Bilboko egoitzan.

Konpainia edo talde egonkorrak, banakako proiektuak edo proiektu baterako berariaz sortutako kolektiboak aurkez daitezke deialdira. Egonaldiak D8 Sorkuntza faktoriaren instalazioetan egingo dituzte, 2023ko urtarriletik aurrera, eta gehienez bi asteko iraupena izango dute. Entsegu-poltsa amaitzean, konpainia edo profesional bakoitzak publikoari irekitako emanaldia egingo du. Artistak bere lan-prozesua ate irekiko jardunaldi batean irekitzeko konpromisoa hartuko du, bai ikasleentzat, bai D8SFren araberako beste dibulgazio-ekintza batean.

Parte hartu nahi dutenek eskatzailearen datu pertsonalak, proiektuko parte-hartzaileen curriculum vitaeak, proiektuaren laburpena edo hasierako ideia, proiektuaren ikerketa-ildoak, proiektu artistikoaren definizioa,  2-3 minutuko azalpen bideoa, egonaldiaren faseen plangintza, egonaldi amaierako aurkezpenaren ezaugarriak, aurrekontua eta beharrezkotzat jotzen den beste edozein dokumentu aurkeztu behar dituzte. Proiektuak aurkezteko epea abenduaren 30ean amaituko da, eta eskaera eta dokumentazioa  hemen aurkeztu beharko da.

Epaimahaiak honako irizpide hauek hartuko ditu kontuan: aurkeztutako proposamenaren kalitatea eta koherentzia, proiektuaren berrikuntza, eskatzailearen edo konpainiaren ibilbidea, zer euskarri dituen eta zer proiekzio duen. EAEn egoitza duten sortzaileek eta konpainiek lehentasuna izango dute. Epaia urtarrilaren hasieran jakinaraziko zaio onuradunari, eta sare sozialen bidez ere horren berri emango dute.