Dantzari profesionalentzako egoitza artistiko-teknikoak egiteko deialdia egin du D8 Sorkuntza Faktoriak

Dantzari profesionalentzako egoitza artistiko-teknikoak egiteko deialdia egin du D8 Sorkuntza Faktoriak Bost proiektu hautatuko dituzte orotara, eta gehienez bi asteko iraupena izango dute irailetik aurrera egingo diren egonaldiek. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dantzari-profesionalentzako-egoitza-artistiko-teknikoak-egiteko-deialdia-egin-du-d8-sorkuntza-faktoriak/@@download/image/d8.png
2022/08/11

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Bost proiektu hautatuko dituzte orotara, eta gehienez bi asteko iraupena izango dute irailetik aurrera egingo diren egonaldiek.
Dantzari profesionalentzako egoitza artistiko-teknikoak egiteko deialdia egin du D8 Sorkuntza Faktoriak

D8 Sorkuntza faktoriak egoitza artistiko teknikoen programaren lehen edizioaren deialdia egin du, Bizkaian dantza-proiektu berrien sorrera, garapena eta zabalkundea sustatzeko asmoz. Hautatutako proiektuek egonaldi artistikoa eta teknikoa izango dute D8 Sorkuntza faktoriaren Bilboko egoitzan, eta baita laguntza-poltsa bat ere. Bost proiektu hautatuko dituzte aurten egonaldia egiteko. Konpainia edo talde egonkorrak, banakako proiektuak eta proiektu baterako berariaz sortutako kolektiboak aurkez daitezke deialdira.

Egonaldiak D8 Sorkuntza Faktoriaren Bilboko instalazioetan izango dira irailetik aurrera, eta gehienez bi asteko iraupena izango dute. Lehen astea arte-sorkuntzari buruzkoa izango da, entsegu-gelan, eta bigarren astea, berriz, eszenatokian egonaldi teknikoa egiteko izango da. Entseguak amaitzean, konpainia edo profesional bakoitzak publikoari irekitako funtzio bat egingo du. Hautatutako proiektu bakoitzak 2.000 euroko diru-laguntza jasoko du egoitza artistiko eta teknikorako beharrezkoak diren gastuak ordaintzeko.

Proiektuak aurkezteko epea abuztuaren 21ean amaituko da, eta eskabidea eta dokumentazioa esteka honen bitartez aurkeztu beharko da. Datu pertsonal eta curriculumez gain, proiektuaren laburpena edo hasierako ideia, proiektuaren ikerketa-ildoak, proiektu artistikoaren definizioa, bizpahiru minutuko azalpen-bideoa, egonaldiaren faseen plangintza, egonaldi-amaierako aurkezpenaren ezaugarriak eta aurrekontua bidali beharko dira.

Epe barruan eskatutako dokumentazio guztia zuzen aurkeztutako proiektuak D8SF talde lanak baloratuko ditu. Honako irizpide hauek izango dituzte kontuan: aurkeztutako proposamenaren kalitatea eta koherentzia, proiektuaren berrikuntza, eskatzailearen edo konpainiaren ibilbidea, eta zer euskarri eta zer proiekzio duen. Proiektuen artean lehentasuna izango dute EAEn egoitza duten sortzaileek eta konpainiek. Epaia irailaren hasieran jakinaraziko zaio onuradunari.