Dantzan hasteko irrikitan

Dantzan hasteko irrikitan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dantzan-hasteko-irrikitan/@@download/image/20112158352erraustegia-proba-4---EU.jpg
2012/12/13
berria
Gipuzkoa O Zabor plataformak flash mob-a grabatuko du martxoaren 20an Zubietan, errauskailuaren lanak atzera ditzaten. 2.000 lagun bildu nahi dituzte, Dantzan jarriko ditugu lelopean, eta hain justu hori egingo dute: dantza. Herriz herri entseguak egiten ari dira.

Plataformako kideen ustez, flashmob-ak bat egiten du zeharo ekimenaren xederarekin: "Gizartea ez da gizabanakoen batuketa, baizik eta kohesioa. Zubietara martxoaren 20an oso jende ezberdina joango da; haatik, zerbaitek batzen du jende hori, eta flashmob-ak hori islatzen du". Gipuzkoa Zero Zabor taldeko kideen hitzetan, koordinazioak, pasioak eta behetik gorakoa egiteak bat egiten dute ekimen honetan. "Herria erakundeei zerbait eskatzen ari zaie, eta kutsu humanoa du horrek. Bihotza geronek jarriko dugu, haiek, agintariek, lanak atzera ditzaten".

Mikel Erguin Mondra gidatzen ari da Zubietan irudikatuko duten dantza eta lurraldeko hainbat dantza talde ari dira parte hartzen. Herriz herri entseguak egiten ari dira, baina egunean bertan ere, grabatu aurretik, norbaitek dantza ikasi nahi badu horretarako beta izango du. Interneten ere badago ikustea. Ekimenaren ezaugarriak xehetu dituzte Gipuzkoa Zero Zabor taldekoek. "Aldarrikapena da, bai, baina ez gara eskatzen, besterik gabe, errauste plantarik ez egitea, baizik eta denbora eskatzen ari gara erakusteko badaudela beste bide batzuk zaborraren gaiari heltzeko hondakinak erraustu gabe".