Dantza ezazue, madarikatuok!

Dantza ezazue, madarikatuok! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dantza-ezazue-madarikatuok/@@download/image/74p58_1364245083.jpg
2007/05/04
erreportajea
Ander Usabiaga
Dantza ezazue, madarikatuok!
Ballet Biarritz Juniorreko gazteekin izan da Gaztezulo

Sidney Pollacken film ezagunean (They Shoot Horses, Don´t They? ) protagonistak dantza egitera kondenatuta zeuden. Goseak eta miseriak hartara kondenatuta. Ballet Biarritz Juniorreko kideak ere dantza egitera kondenatuta daude. Baina barruko grinak kondenatu ditu haiek horretara.

Dantzari profesionalak izan nahi baitute Ballet Biarritz Juniorreko gazteek. Horregatik aritzen dira egunero, astelehenetik ostiralera, Donostiako Egia auzoko kultur etxean, 09:00etatik 16:00etara. Horregatik pasatzen dituzte asteburuak herriz herri, jendaurrean dantza eginez. Horregatik alde egin behar izan zuten duela urte batzuk gurasoen etxetik goi mailako akademia batera joan ahal izateko. Jaioterria, mutil edo neska laguna, beste zaletasunak… dantzaren esanetara jarri baitituzte gazte hauek. “Dantzari profesionala izan nahi duenak gainerako guztia sakrifikatzeko prest egon behar du”, dio Erick Odriozola gabiriarrak. Kondena gogorra dute, beraz, Ballet Biarritz Junior taldekoek. Gogorra bezain gozoa.