Dantza bertikala Iruñean, abuztuko ostiraletan

Dantza bertikala Iruñean, abuztuko ostiraletan https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dantza-bertikala-irunean-abuztuko-ostiraletan/@@download/image/la_muralla_en_d_1375338971.jpg
2013/07/26
berria
II. La Muralla en Danza nazioarteko jaialdiak dantza bertikal eta aereoaren alorreko profesionalak ekarriko ditu Iruñeko Guadalupe baluartera abuztuaren 9an, 16an eta 23an. Italiako, Brasil eta Argentinako eta Sevillako ikuskizun banak osatzen dute, besteak beste, aurtengo egitaraua.


Horma tente baten gainean aritzen dira dantzari bertikalak, altuera nabarmena hartuta eta behekaldetik behatzen dituzten ikusleak aho zabalik utziz. Arnes batekin helduta, sokaren luzerak, neurri batean, euren mugimenduak baldintzatzen ditu; izan ere, soka metro gehiago erabili ahala, orduan eta gutxiago 'pisatzen' dute dantzariek, orduan eta arinago aritzen dira, eta beraz, akrobazia gehiagorako aukera dute.

Gainera, musikarekin, argiekin eta proiekzioekin hornitutako ikuskizunak dira, kasu honetan, Iruñeako Guadalupe baluartea apainduko dutenak. Normalean itxita edukitzen duten bastioi hau propio jaialdi honen karietara irekiko diote publikoari eta sarrera Zaldi Zuritik izango dela aurreratu dute.

La Muralla en Danza nazioarteko festibalaren bigarren edizioak Italiako, Brasilgo, Argentinako, Sevillako eta Iruñeako bertako profesionalen emanaldiak dakartza, guztiak ostiralez (abuztuaren 9an, 16an eta 23an) eta iluntzeko 20:30etatik 00:30etara bitarte. Sarrerak eskuragai daude jada 15 eurotan egun solteetarako edo 35 eurotan hiru egunetarako bonuaren kasuan. Sarrerak, gainera, bi edari eta bi pintxo dakartza opari. 

Egitaraua


ABUZTUAK 9
Konpainia: Mattatoio sospeso (Italia)
Ikuskizuna: Les amants du ciel
+ Ingumak konpainia (Iruñea)
+ dj Netanyahu udako terrazan

ABUZTUAK 16

Konpainia: Subcielo (Brasil-Argentina)
Ikuskizuna: Triptico
+ Ingumak konpainia (Iruñea)
+ dj Nana udako terrazan

ABUZTUAK 23
Konpainia: B612 (Sevilla)
Ikuskizuna: La arquitectura del Aire
+ Ingumak konpainia (Iruñea)
+ dj Funk Fatale udako terrazan