Dantz Point programak zuzenekoak berreskuratuko ditu Gipuzkoako sei leku emblematikotan
Ondarea musikarekin bateratzen duen Dantz Point programa bueltan da. Oraingo honetan, gainera, zuzenekoa berreskuratuko du. Edizio honetan sei ekitaldi antolatu dituzte, zuzenean eta formatu digitalean gozatu ahalko direnak.
Dantz Point-ak leku enblematikoetan egiten diren ekintza artistikoak dira, batez ere musika elektronikoko eta abangoardiako saioak. Saioak zuzenean grabatzen dira eta tokiko, estatuko eta nazioarteko hainbat plataformatan emititzen dira. Harkaitz Millan Kultura diputatuak adierazi duenez, “Dantz Point-i esker, Gipuzkoak ezkutuan dituen hainbat paraje eta artista garaikide erakutsi eta ezagutaraztea lortu dugu. Horrela, ondarea eta abangoardiaren sorkuntza bateratu egiten dira”.
Paolo Solo eta Furoniaren en eskutik emango diote hasiera programari larunbatean. Emanaldia Lasarte-Oriako Brigiden komentuan egingo dute, 19:00etan. Gainerako espazioak honakoak izango dira: Tolosako Zumardi Txikia, Oiartzungo Arditurriko meategiak, eta Donostiako Kursaaleko terrazak. Irun eta Hondarribian ere izango dira ekitaldiak, oraindik zehaztu gabeko guneetan. Hurrengo ekitaldien datak aurrerago jakinaraziko dira.
Dantz proiektua 2017an jaio zen, eta, ondoren, 2019an, Dantz Point proiektua jarri zen abian. Duela bi urte nazioarteko sari bat lortu zuen Dance Televisión-en eskutik. Gainera, Dantz Point-ek duela gutxi 200.000 euroko laguntza jaso du Europako funtsetatik Dantz Point Europe proiektua bost herrialdetan sustatzeko, Europar Batasuneko kultura-ondarea belaunaldi berriei forma eta eduki berritzaileen bidez, kasu honetan musikaren bidez, hurbiltzeko.

Iaz, Arrasateko Gomestio baserria, Donostiako Chillida-Leku museoa, Aretxabaletako Urkulu urtegia, Zumarragako Antiguako ermita, Ezkio-Itsasoko Igartubeiti museo-baserria, Mutrikuko portua eta Urretxuko industria izan ziren, besteak beste, Dantz Point programetako agertokiak. Hainbat artistak ere parte hartu zuen, hala nola Dans, Essan, Loreak, Gela, Nikka, M4 eta Divorce From New York.

