Danimarkak ez ditu bisoiak hilko

Bisoiek koronabirusa hartu eta gizakiei transmititzeko zorte txarra izan dute; gauzak horrela, Europan haztegietako milaka bisoi hil dituzte urtean zehar. Danimarkan ere 17 milioi bisoi hilko zituztela adierazi zuten duela egun batzuk, koronabirusaren zabalkundea ekiditeko; hain zuzen, bisoi horien eraginez herrialdean dagoeneko dozena bat kutsatze erregistratu zituzten.
Erabakia hartuta zegoen; 17 milioi animaliak sakrifikatuak izango ziren. Baina Danimarkako hainbat alderdi politiko erabakiaren aurka agertu dira Berlingsle egunkariak jaso duenez, eta praktika hau ilegala dela salatu dute. Hainbat adituk ere erabakiaren ilegaltasuna salatu dute, Frederik Waage unibertsitateko irakaslea kasu; Waageren esanetan, soilik animaliak gaixo daudenean edo haztegia koronabirus kasu asko dituen eremuan dagoenean justifikatu daiteke halako sarraskia.
Gauzak horrela, oraingoz atzera bota dute 17 milioi bisoiak hiltzeko erabakia; dena den, Mette Frederiksen lehen ministroa lege berri bat prestatzen dabil, bisoiak sakrifikatzea ahalbidetuko diona. Parlamentuan 90 boz lortzen baditu, bisoi horiek sakrifikaturik amaitu dezakete oraindik.
Esan bezala, Europako herrialde ugarik izan dituzte antzeko arazoak bisoiekin; Herbehereek milioi bat bisoi sakrifikatu dituzte negozioarekin amaituz (2024rako egitea espero zuten), eta Suedian ere berdina egin zuten. Espainian ere, 90.000 bisoi hil zituzten uztailean.