Daniel Knox

Lanetik etxerako bidean, euriak aterkirik gabe harrapatu zaitu. Blai eginda iristen zara, baina ez kezkatu, Knox zain duzu bozgorailuaren beste aldean. Bere ahotsa sutondoa da, eroso sentiarazten zaitu berehala. Horretaz baliaturik, lehen abestiko lehen esaldiak irabaztea ezinezkoa dela ohartarazten dizu. Zu, ordea, bat-bateko maitasunak jota, garaile sentitzen zara horrelako diskoa entzuteko aukera izateagatik. Noizean behin elektronika ukituak badiren arren, han eta hemen pianoa eta ahotsa dira jaun eta jabe, ia apaindurarik gabe. Nahikoa izkina guztietatik dotorezia jariatzen duen lan paregabe honentzat.