'Daniel|A|', Gaztearen transmedia proiektua

Munduan euren lekuaren bila ari diren gazteei buruzko istorioa azaltzen du Gazteak martxan jarri berri duen Daniel|A| transmedia ekoizpenak. Hainbat baliabide erabiliko dituzte berau jorratzeko: hiru podcast, sei ataleko serie digitala, kontzertu bat eta sare sozialak.
Unibertsitatean hasi eta berehala, nortasun krisi sakon baten ondorioz, atzerrira alde egitea erabakiko duen Danielaren istorioa kontatzen du serieak. Hiru urteren ondoren, Bilbora itzuliko da, aitaren etxera, eta bere bizitzari ekingo dio, baina abiapuntu berri batetik: orain Daniel da. Alde egin aurretik ikusi zuen azken pertsonarekin, Ipar bere ikaskidearekin, topo egingo du berriro. Langabezian geratu den Danielaren aitari laguntzeko plana prestatuko dute biek: banku batean lapurreta egitea.
Proiektuaren bultzatzaileek jakinarazi dutenez, "gazteen mundutik eraikitako istorioa da eta genero identitatea zein gai sozialak jorratzen ditu. Danielen istorioak onarpenaren mezua helarazten digu: nork bere burua eta bizi duen errealitatea onartzen jakitea".
Nora Alberdik zuzendu du serie digitala, Mikel Ayllonek idatzi du gidoia, eta Leire Ormazabal, Iholdi Beristain, Gabriel Ocina eta Irati Agirreazkuenaga dira aktore nagusiak.
Transmedia edukiak
Hainbat bide erabiliko dituzte istorioaren kontakizuna egiteko. Alde batetik, Daniel|A|–k webgune propioa izango du eta bertan izango dira ikusi eta entzuteko atal guztiak. Aurrerapen bideoa ere zintzilikatu dute bertan. Bestetik, Ipar Orratza izeneko lehenengo podcast-a argitaratuko dute gaur eta gainerako biak hurrengo bi igandeetan jarriko dituzte eskura EITBPodkast plataforman eta Daniel|A|-ren webgunean.
Musika emanaldia ere izango da tartean, irailaren 23an serie digitalaren azkeneko atalean gertatzen den kontzertua errealitatera ekarriko baitute. Iparrek (Iholdi Beristain), istorioko protagonistetako batek, beste musika taldeekin batera, publikoari irekia izango den emanaldia eskainiko du eta bertan filmatuko dira seriearen azken eszenak. Kontzerturako sarrerak zozketatuko ditu Gazteak eta streaming bidez jarraitu ahal izango da eitb.eus-en.
Seriea, berriz, irailaren 26an estreinatuko da eta egunero atal bat izango da ikusgai Gaztearen YouTube kanalean zein eitb.eus-en. Hamar minutuko sei atalek osatuko dute seriea.
Azkenik, Gaztearen sare sozialetan eduki bereziak eta seriearen eta podcast-en aurrerapenak partekatuko dituzte.