Dancearen iraultza

Dancearen iraultza https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dancearen-iraultza/@@download/image/wazen_1382629583.jpg
2013/11/04
erreportajea
Dancearen iraultza
Osane Santas eta Charly Pedrazo donostiarrek Wazen taldea sortu zuten 1998an, ibilbide labur baina bizia izan zuen euskal dance taldea.


Iragan urriaren 6an Tolosan ospatu zuten Kilometroak 2013 Gipuzkoako Ikastolen aldeko jai erraldoia, eta Laskorain Ikastola arduratu zen antolaketaz, orain hamabost urte bezalaxe. Orduko hartarako Mundiala izeneko kanta prestatu zuen Carl Watermark ekoizleak, eta dance estiloko euskal doinuek espero gabeko arrakasta eskuratu zuten. Hori ikusirik, proiektuaren atzean zeuden Charly Pedrazo eta Osane Santos musikariek Wazen taldea sortzea erabaki zuten, euskarari musikaren alorrean dimentsio berri bat emateko asmoz, "ordura arteko euskal taldeen estereotipoei ihesi".

Ondorengo urteak politak izan ziren bi gazteentzat, esperientzia zoragarriak bizi izan zituzten. "Eszenatokira irten aurretik oso urduri jartzen ginen, eta barre algaraka hasi. Anekdota ugari ditut oraindik buruan", gogoratzen du Pedrazok. Berehalakoan Erritmoa 2zi diskoa grabatu eta kaleratu zuten; haiek sortutako lau kanta zituen, Azkar, Oreka, Zu ta Ni eta Mundiala, eta gainerakoak moda-modako nazioarteko abestiak ziren, euskara egokituak, noski. "Gasteizko Canto de la abuela estudioan grabatu genituen, eta handik mundura zabaldu". Ondorengo urteetan, 2002ra bitarte, dozenaka emanaldi eskaini zituzten, baina taldeaz gaindiko proiektuak tarteko, gero eta zailagoa zitzaien komunean zutena aurrera ateratzea. Bigarren disko bat grabatzeko aukera begitandu zitzaien arren, urratsa eman aurretik banandu ziren.

... eta gaur


Zertan zabiltzate orain?
Osanek ile apaindegi baten egiten du lan, eta ni Dj gisa aritzen naiz. Wazenen ostean Ritmo Chocante izeneko diskoa grabatu nuen Dj Charly 10 izenpean, eta hainbat kolaborazio egin ditut.

Harremana mantentzen duzue, ala nork bere bidea jarraitu du?
Bai noski! Proiektu hartatik familia handi bat irten zen.

Euskal dance musikaren aitzindariak izan zineten. Euskal musika genero ezberdinetara zabaltzeko beharra zegoen?
Ez dakit jendarteak behar hori sentitzen ote zuen, baina Wazenek oso harrera ona izan zuen, eta gure txokoa egitea lortu genuen. Mota ezberdinetako musikari ateak irekitzea onuragarria da.

Jendeak oroitzen al zaituzte?

Bai, beti dago gutaz gogoratzen den norbait, eta ilusio handia egiten digu.

Eta zuen kantak entzundakoan, zer sentitzen duzue?
Ni gorritu egiten naiz tabernetan!

Pentsatu al duzue berriro ere elkartu eta kontzerturen batzuk ematea, ala diskoren bat grabatzea?

Ez dut uste… Baina bizitza honetan ez da ezertxo ere baztertu behar!