Dabi Piedra: "Gotzon Garate ezagutzea interesgarria litzateke"

Dabi Piedra: "Gotzon Garate ezagutzea interesgarria litzateke" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/dabi-piedra-gotzon-garate-ezagutzea-interesgarria-litzateke/@@download/image/david_piedra_1374153589.jpg
2013/07/08
elkarrizketa
Dabi Piedra: "Gotzon Garate ezagutzea interesgarria litzateke"
Jaio zen hiri berean bizitzeaz gain, bertan dihardu Dabi Piedrak (Bilbo, 1983). Nor
ezkutatzen da Bizkaia Irratiko sintoniatik hitz egiten digun ahotsaren atzean?


Zerk sentiarazten zaitu zure buruaz harro?

Hitzorduetara beti heltzen naiz garaiz.

Aldiz, lotsatzen zara...
Irratian hasiberria nintzenean egiten nituen aldrebeskeriak oroitzean.

Zerk sufriarazten zaitu?

Bidegabekeria asko dago munduan, ezin bakarra aipatu!

Oinazea arintzeko kontsolamendu onena?
Lagunak, familia, lankideak; eta atseden hartzea.

Azken mozkorraldia?
Normalean ez dut alkohol asko edaten.

Eta azken negarraldia?
Barre algarek malko gehiago ateratzen didate gauza tristeek baino, tristezia neuretzat gorde ohi dut.

Baduzu maite platonikorik?
Bai, baina ez dut gehiago esango.

Jaikitzen zarenean, zer da egiten duzun aurreneko gauza?
Sakelako telefonoa piztu, beti itzaltzen dut lo egiteko.

Eta azkena eguna amaitzeko?

Egun horretan egindakoa gogoratu eta biharamunekoa errepasatu.

Bizio kontrolaezinena?
Txokolatea, akaso.

Damutzen zara egindako zerbaitetaz?

Agian ikasle garaian atzerrira irten ez izanaz.

Nor ezagutzea gustatuko litzaizuke?
Beti pentsatu dut Gotzon Garate ezagutzea interesgarria litzatekeela; berandu samar nabil, ordea.

Bete duzun ametsik?

Euskaraz lan egin ahal izatea.

Oraindik betetzeko...
Arrazismorik ez dadila egon, eta jarrera matxistarik ere ez. Bide batez, eskatzen hasita, euskaldun izateagatik ez dut bigarren mailako herritar izan nahi.