DA! asko dira!

DA! asko dira! Aurkeztu dute aurtengo Durangoko Azokaren kartela; Txakur Gorria sormen kolektiboak egin du, eta Landakoko planoan oinarrituta dago. Zer iruditzen? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/da-asko-dira/@@download/image/kartelaA3.jpeg
2018/10/24
berria
Aurkeztu dute aurtengo Durangoko Azokaren kartela; Txakur Gorria sormen kolektiboak egin du, eta Landakoko planoan oinarrituta dago. Zer iruditzen?
DA! asko dira!

Durangoko Azokak 53. edizioko kartela eta ildo nagusiak aurkeztu ditu. Aurtengo kartelaren egilea Txakur Gorria sormen kolektiboa izan da. Kartela Landako Gunearen planoan oinarrituta dago eta bertako mugimenduak irudikatzen ditu: sarrerak, irteerak, geldialdiak, orrialdeak pasatzeko keinuak, besarkadak... Bestalde, 53. edizioko leloa "DA! asko dira!" izango da. 

Gerediaga elkarteko presidente Nerea Mujikak aurkeztu du edizio honetako lelo nagusia. "Euskal kultura oparoa eta aberatsa da eta aniztasun horren isla da Azoka. Kulturaren plaza da, merkatua, ikuskizuna, urteroko hitzordua, gogoeta eta eztabaidarako plataforma, jaia, errituala, topalekua...". Nabarmendu duenez, Durangoko Azoka bakarra da, baina aldi berean Azoka asko dira: "DA! bizitzeko modu asko dago. Batek Azoka ikusi egiten du, besteak entzun, batzuk abestu, norbaitek ukitu, bakarren batek laztandu, agian usaindu, edo dastatu, askok irakurri eta beste hainbatek sentitu".

Azokako aniztasuna izango da, beraz, 53. edizioko ildo nagusietako bat. Izan ere, Nerea Mujikak azpimarratu duen bezala, sormenaren lurraldea zabala da, zentzu fisiko eta metaforikoan: "Bertan elkartzen da sortzaile berria eta ibilbide luzekoa, garaikidea zein tradizionala, abangoardista nahiz herrikoia eta komertziala bezala apurtzailea".

Kartelaren egileak diren Txakur Gorria sormen kolektiboa Ane Labakak, Nerea Ibarzabalek, Mariñe Arbeok eta Malen Amenabarrek osatzen dute. “Oso oso pozik jaso genuen Durangoko Azokako eskaera, ilusio handia egin zigun”. Azokarekin harreman estua dute; aurreko urte bietan erakusleihoa izan dute kulturaren plazan: “Aurtengorako ere irrikan gaude”.

Kartelean Landakon gertatzen diren mugimendu guztiak islatu nahi izan dituzte: “DA!-ri erritual izaera aitortzen badiogu, interesgarria da bertan antzezten dugun performanceari erreparatzea. Karteleko diseinua Landakoko planoan oinarrituta dago, eta bertan egiten ditugun mugimendu guztiak iradoki nahi ditu, errotuladore ibiltariak bagina bezala: sarrera, irteera, geldialdi, orrialdeak pasatzeko keinu, besarkada... Mugimendu anitz baina osagarriak, mugimendu handiago baten parte eta horren alde”.