COVID-19 Ziurtagiri Digitala nola lortu

Europako Parlamentuak Covid-19 Ziurtagiri Digitala onartu du gaur. Egiaztagiri digital honen bidez bidaiariek txertoa hartu dutela, COVIDa gainditu dutela edo PCR proban negatibo eman dutela ziurtatuko ahalko dute. EAEko herritarrek gaurtik aurrera Covid Ziurtagiri Digitala tramitatzeko aukera izango dute Eusko Jaurlaritzaren Osasun Saileko webgunean. Bertan egiaztagiriari buruzko informazioa eskainiko dute eta baita berau eskuratzeko modua ere.
COVID Ziurtagiri Digitala Europar Batasunaren barruan askatasunez eta segurtasunez ibiltzeko bide ematen duen dokumentua da, QR irakurketa-kodea duena. Ziurtagiriak pandemiak irauten duen bitartean Europar Batasunean bidaiatzea erraztuko du, kontrolak arinak izango baitira. Ez duenari herrialde bakoitzeko agintariek ezartzen dituzten kontrolak egingo zaizkio, eta behar den informazioa aurkeztu beharko du.
Hiru ziurtagiri mota daude: txertaketa-ziurtagiria, errekuperatze-ziurtagiria eta proba negatiboaren ziurtagiria. Lehena, txertoaren dosi bat edo bi jarri dutenentzat da; bigarrena, gaixotasuna PCR positiboa izan eta hurrengo 11 eta 180 egun bitartean igaro dutenentzat; eta hirugarrena, antigenoen proban 48 ordu lehenago eta PCR proban 72 ordu lehenago proba diagnostiko negatiboa izan duten pertsonentzat. Oraingoz lehen bi ziurtagiriak baino ezin dira tramitatu, eta sinadura elektronikoaren tresnekin bakarrik. Laster telematikoki sinadura elektronikorik gabe eta aurrez aurre lortzeko prozesua ere abiatuko dute. Uztailaren 1etik aurrera izango da indarrean ziurtagiria Europako Batasun osoan.
Nafarroan astelehenean aktibatu zuten ziurtagiria. Osasun Karpeta Pertsonalaren bidez lor daiteke eta, beraz, mugikorrean gorde daiteke. Aste honetan aurrez aurre eskatzeko modua ere martxan jarriko dute eta, hala nahi izanez gero, paperean eskainiko dute ziurtagiria.