Community Manager

Community Manager https://www.gaztezulo.eus/albisteak/community-manager/@@download/image/20128281007sare_1360345207.jpg
2012/09/07
erreportajea
Testua: Egoitz Gonzalez
XXI. mendeko Sareak lanpostu berriak eta enpresen baitako rol berriak sortu ditu; marka baten inguruko komunitate digitala eraiki eta kudeatzeaz arduratzen denarena, adibidez. 

Interneti esker, negozio ereduak aldatzen ari dira, eta hauekin batera, baita marken eta bezeroen arteko komunikazioa eta harremana ere. Urte batzuk atzera, hartueman hau oso eskasa zen, soilik telebista, irrati edo prentsa idatzi bidez jasotzen baikenuen marken berri, eta telefono zenbaki bat zen zuzeneko komunikazioa lortzeko eskura genuen bitarteko bakarra.

Zorionez, Sareak hankaz gora jarri du hau guztia. Sare sozialak eta blogak dira punta-puntako komunikazio nukleoak, eta hauen kudeaketa oso garrantzitsua bilakatu da markentzat, bezeroekin unean-uneko harreman zuzen eta azkarra edukitzea ahalbidetzen baitute. Ondorioz, ardura hori bere gain hartuko duen pertsona aintzat hartzen dute enpresa egituretan: Community Manager edo Social Media Manager rola sortu da.

Marka bakoitzak badu bere komunitatea Amaraunean: bere Facebook profila eta orrialdea, Twitter kontua, bloga.... tresna hauek kudeatzeko modua, baina, berezia da. Izan ere, eredu estandarrak alde batera utzi eta bezeroen maila beretik egin behar da lana, bezeroaren lagun bilakatu. Horretarako, markaren webgune ofizialek izan dezakeen kutsu formala alde batera uztea da Community Manager batek egin behar duen lehendabiziko gauza.

Hauen lan egun bat oso interesgarria izan daiteke. Bulegora iritsi eta lankideekin bilera labur bat egitea aproposa da, markaren inguruko berri guztiak jaso –promozioak, produktu berriak...– eta jarraian hauen inguruko albisteak idazteko blogean. Facebook eta Twitter ere elikatu behar dira baina, esan bezala, hobe era informalean bada. Esate baterako, lankide baten urtebetetzea bada eta bulegora gaileta batzuk ekarri baditu, argazkitxo bat atera eta tweet bat idaztea ez legoke batere gaizki, horrelako keinu txikiekin gizarteratzen baita marka, atzean pertsona arruntak daudela ulertarazita.

Beste zeregin garrantzitsu bat marken inguruko sozial-media komunitatean dauden iruzkin guztiak irakurri eta erantzun beharrekoak lehenbailehen erantzutea da. Izan ere, bezeroren batek Sarean arazoren baten berri ematen badu, erantzun azkarra bilatzen duelako da. Hala, Community Managerrak enpresako dagokion ataleko jendeari arazoaren berri eman eta bezeroa lasaituko du, baita mezu labur baten bidez barkamena eskatu ere. Community Manager batentzat bezeroaren erosotasuna da premiazkoena.

Horrenbestez, Social Media Manager bat ez da webgune baten diseinatzailea edo web-masterra izatea –hori diseinu eta informatika adituen egitekoa da–. Community Managerra markak Sarean duen ospeaz eta oihartzunaz arduratzen da.

HARRITU GAITU



ClueTrain manifestua
Lau autorek orain hamar urte idatzitako dokumentua da, gaurkotasunik galdu ez duena. Bertan, enpresek Interneten izan behar duten jarrera definitzen dute 95 tesiren bitartez.

INFORMAZIO BILA



Olatukoop – 2. kooperatiba olatua
Euskal Herrian bigarren kooperatiba olatua sortzeko deialdia da, eta iraganean egindako erroreak errepika ez daitezen argibide batzuk ere ematen dituzte.

KATXONDOENA



Pinterest
Sarean topatzen dituzun irudi, bideo eta lotura “eder” guztiak partekatzeko aukera eskaintzen duen iragarki taula erraldoi modukoa da.