'Comfort food'-aren edo emozionalki ongi sentiarazten gaituen janariaren garrantzia
Ingelesez askotan entzuten dugu "comfort food" terminoa. Suspertze edo indartze-sentsazioa eragiten duten elikagaiak izango lirateke, emozionalki hobeto sentiarazten gaituztenak, alaiago, seguruago edota erlaxatuago. Hori dela eta, askotan triste, gaixo edo estresatuta gaudenean jotzen dugu halako elikagaietara. Nahiz eta badiren pozik daudenean egiten dutenak ere.
Zenbaitentzat janari horiek prestatzeko errazak izaten dira, edota erraz eskuratzekoak, esaterako, gazta urtua duten sandwichak, pizza, hanburgesa edota gozoak. Baina hobeto sentiarazten gaituzten elikagai edo janariak ez dira nahitaez osasungarriak ez direnak izaten. Oroitzapen onak ekartzen dizkigutenak dira, estresa arintzen digutenak eta babes emozionala ematen digutenak, eta, beraz, mota askotarikoak izan daitezke. Norbere aldartea eta ongizatea hobetzen lagundu dezaketenak izaten dira azken finean.
Gure liburu, film edo toki kutunarekin gertatzen den bezala, etxekotasun sentsazioa izaten da elikagai horiekin. Zure bizitzan egon daitekeen kaos edo buruhausteak gorabehera, beti jo dezakezu horretara hobeto sentitzeko.
Janaria eta elikadura norbera zaintzeko eta osasuntsu egoteko beharrezkoa da, baina beste hainbat lotura ere baditu emozionalki. Nostalgiak badu zerikusia esaterako. Batzuetan, gure umetako plater kutunak jaterakoan, oroitzapen goxoak gogoratzen ditugu, seguru sentiarazten gaituztenak. Lagunekin edo familiekin pasatako une ederrak eta iraganeko garaiak berreskuratzen ditugu lipar batez.

Bestetik, ohiko janari edo platera izateak zer jan erabakitzeko nekea ere saihesten du. Fidagarria den eta esperotakoa emango digun horretara jotzeak kontsolatu egiten gaitu nolabait.
Kulturarekin ere badu zerikusia. Suspertzen zaituzten janariak kultura-tradizioarekin eta bertako errezetekin lotuta egon daitezke, eta horrek familia lotura sakonagoa eta zerbaiten parte izatearen sentimendua sendotu dezake. Sarritan belaunaldiz belaunaldi transmititutako errezeta tradizionalak dira, ezagunak diren zaporeak, eta horrek etxekotasun sentimendua dakar. Identitatearekin eta familiarekin lotuago senti gaitezke horien bidez. Kultur sustraiak errotzen eta komunitatea indartzen lagun dezake.
Aurrez aipatu bezala, gure aldartea aldatzeko ere balio dezake. Egun luze eta gogor baten ondoren, gure egoera emozionala hobetzen lagundu dezake. Ez dugu ahaztu behar, gainera, gure janari kutuna jateak dopamina eta serotonina eragiten duela, eta horrek tristura eta estresa arintzeko balio du. Bestetik, janari epelek bakardade sentimendua baretzen ere lagundu omen dezakete.
Azukre askoko elikagaiak badira, neurria hartzea komeni da, geure burua ondo elikatzeko bestelako jakiak behar baititugu. Gauza guztiekin bezala, oreka edo ahalik eta modu orekatuena topatzea izaten da gakoa.
