Colin Farrel: James Dean irlandarra

Colin Farrel: James Dean irlandarra https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Colin Farrel: James Dean irlandarra

Hollywoodeko sex-symbol berria da Colin Farrell. James Dean baino errebeldeagoa. Brad Pitt baino erakargarriagoa. Russell Crowe baino basatiagoa… aktore madarikatua, zinez. Morroi politikoki ez zuzena erabat. Lotsagabea, gonazalea eta mozkortia den arren, aktore ona denik ezin ukatu. Aktore ona, baina limurtzaile hobea. Neskatilak seduzitzeko ahalmen aparta baitu outsider irlandarrak.
Duela 26 urte jaio zen Dublinen. 1976. urteko martxoaren azken egunean, zehatz-mehatz. Bere aita Shamrock Rovers futbol taldeko jokalari ospetsua zenez gero, baloia bihurtu zen Colin bihurriaren mundu bakarra gaztaroan. Hala, futbol izar handia izatearekin egin zuen amets urte luzez. Diziplina, ostera, jasanezina zitzaion. Eta, horretaz gain, garagardoa futbola baino areago atsegin zuela ohartu zen berehala.
Anaia zaharraren aholkuei men egin eta antzezpenaren liluran hondoratu zuen bihotza Colin nerabeak. Gaiety School of Drama finean aritu ondoren, telebistak famatu bilakatu zuen. Lasterrera, zineman lan egiteko parada ere izan zuen. "Drinking Crude" eta "The War Zone" filmeek, ordea, ez zioten arrakastarik ekarri. Beraz, zinemaren mundutik aldendu eta telebistan nahiz antzerkian bilatu zuen babesa. 
Londresko Donmar Warehouse prestijiozkoan "A Little World of Their Own" antzezlanean egindako lan bikainak, baina, Kevin Spacey aktorearen arreta bereganatu zuen. Eta, honek, zinemara itzultzeko aukera eskaini zion "Ordinary Decent Criminal" erdipurdikoan. Handik gutxira, Joel Schumacher zinemagilearen "Tigerland" interesgarriak izar bihurtu zuen Colin Farrell. Ordutik hona, ez du atsedenik izan. Aurten, urrutira joan gabe, bost film ezberdinetan ikusiko dugu mutila. Esanguratsuena, beharbada, Steven Spielberg maisuaren "Minority Report" estrainioa izanen da.
Farrell gaztearen zeluloidezko ibilbidea eguzkia bezain distiratsua den arren, bere bizitza sentimentala Irlandako negua baino ekaiztsuagoa da. Pirata irlandarrak bihotz apurtu anitz utzi baititu lehorreratu den portu bakoitzean. Iaz, Amelia Warner iradokitzaileak kate motzean lotuta zuela zirudien. Hemeretzi urteko aktoreak Colin Farrellen "Bai, nahi dut" iheskorra erdietsi baitzuen Hawaii exotikoan. Ameskeria hutsa besterik ez zen izan hura, ordea. Ezkontzak lau hilabete soil-soilik iraun zuen-eta. Izan ere, Colin Farrellek maitasun bakarra baitu bere bizitzan: Guinnes beltzarana.