Coldplay taldeak ez du birarik eskainiko ingurugiroarentzat "onuragarriak" izan arte

Everyday Life diskoaren promoziorako nazioarteko birarik ez duela egingo adierazi du Coldplay talde britainiarrak. Chris Martin abeslariak BBC News-en egin dituen adierazpenen arabera, halako musika birak ingurugiroan eragin positiboa eragiteko modua aztertzeko denbora hartuko du taldeak.
Hain zuzen, Jordaniako Amman hiriburuan aurkeztuko du taldeak disko berria ostiral honetan, bi kontzertutan. Emanaldiak Youtuben eskainiko dituzte zuzenean streaming bidez; Martinen esanetan, normalean jotzen ez duten munduko txoko bat aukeratu nahi izan dute aurkezpenerako, eta bertatik, taldearen pentsamendu eta perpesktiba globala aireratuko dute.
Dena den, Jordaniako aurkezpenaren ondoren zehaztu duten zita bakarra Londres jaioterrian izango da, azaroak 25ean, Naturaren Historia Museoan, eta bertan irabazitako guztia ingurugiroaren alde lanean dauden irabazi asmorik gabeko erakundeetara bideratuko dute. Diskoa aurkezteko birak ezingo du ingurugiroarentzat kaltegarria izan, eta nola edo hala CO2 isurketak ekiditeko lanean dabil taldea.
Hain zuzen, A Head Full of Dreams beren azken urtetako biran talde britainiarrak mundua zeharkatu du puntatik puntara; 122 ikuskizun eman dituzte lau kontinenteetan 2016 eta 2017 urte bitartean: "Gure hurrengo bira ingurugiroarentzat ahalik eta errespetagarriena izatea nahi dugu. Biziki damutuko gara carbono isurketetan neutrala izatea lortzen ez badugu. Orain arte bira handi pila egin ditugu, eta hartu dugun guzti hori itzultzeko ordua dugu".