Coca-Colaren gezurrak agerian Fipadoc jaialdian

Coca-Colaren gezurrak agerian Fipadoc jaialdian Asteburuan egin dute film dokumentalen jaialdia Biarritzen, eta zer esan handia eman du Sandrine Rigauden "Les promesses en plastique de coca cola" dokumentalak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/coca-colaren-gezurrak-agerian-fipadoc-jaialdian/@@download/image/744494075_1280x720.jpg
2019/01/28
berria
Asteburuan egin dute film dokumentalen jaialdia Biarritzen, eta zer esan handia eman du Sandrine Rigauden "Les promesses en plastique de coca cola" dokumentalak.
Coca-Colaren gezurrak agerian Fipadoc jaialdian

«Dokumentala ikusten egon zaren bitartean 13 milioi botila saldu ditu Coca-Cola taldeak munduan zehar», hitz horiekin bukatzen da Sandrine Rigauden Les promesses en plastique de coca cola dokumentala. 52 minutu irauten ditu, eta izena ematen dion edariaz gain, Fanta, Sprite, Minute Maid... bezalako markak ere aztertzen ditu.

Coca-Cola taldeak munduan 4.000 plastiko botila saltzen ditu segundo bakoitzeko. Plastikoari buruzko erreportaje baten gisara hasi zena, munduko botila ekoizle handienari buruzko dokumental bilakatu zen. Horren arrazoia barne dokumentu bat lortu izana da, non enpresaren diskurtso bikoitza agerian gelditzen den. Plastiko kutsaduran daukan eragina agerian utziz, multinazionalaren politika ekonomiko, komunikatibo eta ingurumenari buruzkoa azaltzen du filmak.

Sandrine Rigaud zuzendariaren esanetan, plastikoari buruzko dokumental asko daude, eta gaia hartu zuenean ez zekien zer berri eskain zezakeen: "Ikusi ditudan film guztietan kutsadura, osasunean daukan eraginei buruz edo kontsumitzaileen ardurei buruz hitz egiten dute. Baina nire ustez, lehen aldia da ardura argiki identifikatuta dagoen enpresa bati ezartzen zaiola". Zuzendariak beraz, enpresa hauen aktibitatea salatu du zuzenean.

Europar Batzordeak birziklatzeari eta hondakinen kudeaketari buruz onartu nahi zituen legeen aurrean, kontrako zentzuan enpresak Bruselan egiten zuen lobbying lana erakusten duen agiriak eragin zuen proiektuan aldaketa. Baina hori baino askoz urrunago doa filma; 2018rako plastikoaren %25 birziklatua izango zela zioen enpresak, baina egun %7koa besterik ez da mundu mailan, eta orain 2030erako %50ekoa izanen dela esaten dute. Bestalde, Tanzaniako errealitate «eskizofrenikoa» oso argi agertzen du filmak; besteak beste, bertan jendeak bizitzeko plastiko botilak biltzen nola lan egiten duen agertzen da, hondartzetan edo zabortegietan botilak hartuz, egun onenetan bi euro irabazteko. Irudi harrigarriak ere ikus daitezke, plastikozko botilen mendixketan gora 17 kiloko zakuak igotzen dituzten pertsonekin. Jarraian, irudi horiek erakusten dituen dokumentalaren zatia duzue ikusgai.