Claire Lacarra: “"Zuzenekoa da aniztasunean talde bat bereizten duena”"

Claire Lacarra: “"Zuzenekoa da aniztasunean talde bat bereizten duena”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/claire-lacarra-quotzuzenekoa-da-aniztasunean--talde-bat-bereizten-duenaquot/@@download/image/2011924529izate_1361292909.jpg
2011/09/02
elkarrizketa
Testua: Saioa Baleztena
Donibane-Ziburukoak 'Gure Negu Hotzak' lana aurkezten aritu dira azken hilabeteetan. irailean eta urrian, ordea, atsedena hartuko dute, taldean izango diren aldaketetara egokitzeko. Azaroan, berriro ere, ahal bezainbeste kontzertu ematea dute helburu. 

Zerk desberdintzen du 'Gure negu hotzak' aurreko lanetik?
Soinuan urrats handia egin dugula nabari da, soinu indartsua eta kalitatezkoa sortu dugu. Kantu bakoitzaren giroari eta nortasunari moldatua, eta abesti guztien artean koherentzia atxikiz.
Hitzen aldetik ere, lan ederra lortu dugu kolaborazio garrantzitsuei esker. Odei Barrosok, Otalatzek eta Xabi Bizkaiek idatzi dizkigute poesia, filosofia eta emozio handiko hitzak. Emaitza konposaketa helduagoa izan da, jaso ditugun eraginen ondorioz sortu dugun lan borobila.

Autoekoizpena egin duzue, nola moldatu zarete?

Lehen diskoarekin bezala, bide beretik segitu dugu gure erabakien jabe izateko. Aldi berean, Copyleft dinamikarekin bat egiten dugu. Lehenik gure estudioa eraiki genuen, gero grabatzeko materiala erosi, eta lagun batzuen laguntzarekin urratsez urrats Gure Negu Hotzak grabatu dugu. Lan luzea izan da, baina emaitzarekin pozik gira, eta Gurea Da! –Disko berriko hirugarren abestiaren izena–.

Hitzen aldetik ez ezik, bestelako kolaborazioak izan dituzue.

Bai, eta garrantzitsuak. Lehenik, gure taldearen bosgarren kidearena: Ximun Eyherabide gure soinu teknikaria izan da estudioan eta zuzenean. Bertzetik, masterizazioan, Alexis, Bordeleko Globe Audio estudioko teknikariak lagundu digu. Fer Apoak (Estricalla, Kuraia, Corazon del Sapo...) gure gomita onartu zuen Agurra kantuan parte hartzeko, eta Xabi Etxeberrik biolina sartu zuen Banoa abestian.

Zeinen eragina du zuen lanak?

Taldeko kide bakoitzak bereak ditu, baina hainbat talde konpartitzen ditugu, besteen artean, Skunk Anansie, Tool, Radiohead, Queens Of The Stone Age, Rage Against The Machine, eta baita Euskal musika ere. Nola ez!

Kantuak web orrian eskuragarri jartzearen aldekoak zarete, mesedegarria al da Internet euskal musikagintzarentzat?

Askotan zaila da euskal talde baten diskoa Internet bidez lortzea. Gu ez gira musikaz bizi, beraz, guretzat ez da txarra. Gainera, Copyleft lizentziarekin gure musika denen belarrietara zabaltzea lortzen dugu.

Sare sozialetan aktibo dabil Izate, Facebooken 800 jarraitzaile izango dituzue aurki eta web orrian zuen informazio guztia konpartitzen duzue. Sare sozialik gabe inor ez omen gara gaur egun.

Sare sozialik gabe ere, norbait gara, noski. Baina gure gisan, diskoetxerik gabe jarraitzen duen talde batentzat komunikatzeko modua da, denontzat irekia dagoena. Gure musika, berriak eta kontzertuak zabaltzeko aukera paregabea da eta, talde anitzek bezala, guk ere horrela erabiltzen dugu. Hala ere, bertze komunikabideak ez ditugu baztertzen.

Euskal Herriko musikagintza nola dago gaur egun?

Euskal Herrian talde asko badira, eta musika bizirik da. Hala ere, talde gazteentzat egoera zailagoa dago, euskal jendea betiko taldeei lotzen baita. Gainera, diskoetxeek ez dute arrisku handirik hartu nahi eta talde berri guttiri ematen diete aukera.

Zuzenekoa al da gaurko giltza?

Bai euskal taldeena eta baita beste herrietakoena ere. Gaur musika proposamen anitz ateratzen da Internet bidez. Guztiok gure musika ezagutarazi dezakegu web orri, Myspace, Facebook edo Spotify bidez. Aniztasun horretan zaila da desberdintzea eta jendearen gogoan egiazki sartzea denboran. Aniztasun horren ondorioetako bat da diskoak gero eta guttiago saltzen direla. Egoera horretan, zuzenekoa da talde batentzat aukera garrantzitsuena. Horrela bakarrik erakusten baita musikaren dimentsio oinarrizkoa: zuzenean nola biziarazi eta partekatu daitezkeen abestiak. Zuzenekoak du musikari bizia eta emozio gehiena emaiten. Momentu paregabe horretan eraikitzen da lotura musikaren eta publikoaren artean.

"Jende guztia saltoka, dantzan, momentu hau gurea da, izerdi malkoen zipriztinak momentu hau gurea da" –Gure Negu Hotzak laneko hitzak–. Horrela deskribatzen duzue Izateren zuzenekoa?

Bai, horrela amesten dugu zuzenekoa: momentu azkar bat, gurea dena. Zuzenean ahanzten ahal dira eguneroko kezkak edo, soinuaren bidez, sendatu daitezke. Bakoitzak momentu hori nahi duen moduan bizitzen ahal du: gurea delako! Zuzenekoaren beste aberastasun bat ere agertzen zaigu: kontzertuetan lagunekin eta ezagutzen ez ditugun pertsonekin topatzen gira, bat egiteko! Hurbiltasun eta batasun horiek aski arraroak dira gure eguneroko bizian!

Deigarria da goxotasuna eta gogortasuna konbinatzeko duzuen gaitasuna. Nolakoa da bien arteko eztanda?

Betidanik gustatu izan zaigu bi sentsibilitate horiek nahastea, baina egia erran, ez da hartu dugun erabaki bat, naturalki ateratzen zaigun musika baizik.

Ipar Euskal Herrian lortzen al duzue euskalduna ez den jendearengana iristea?

Bai, euskalduna ez den jendea kontzertuetara hurbiltzen da, hizkuntza ez baita oztopoa. Jendeak itzulpenak bilatzen ditu diskoa etxean entzuterakoan. Hala ere, orokorki musika hizkuntzetatik gaindi partekatzen da, eta ez litzateke izan behar muga gehiagorik euskararekin ingelesarekin baino, adibidez.

Odei Barrosok dio ametsek egiten gaituztela aske.

Ametsek aintzinatzeko eta oldartzeko indarra emaiten digute. Ametsak beharrezkoak dira eguneroko biziari aurre egiteko, batzuetan, bizitzaren ametsak bizitzeko aukera izaten da.

Zein izanen dira taldearen hurrengo urratsak?

Irailan eta urrian kontzertuak utziko ditugu taldearen familia handituko baita. Gero, azarotik goiti zuzenean ahal bezain bat jotzea da helburua, Gure Negu Hotzak diskoa denetan presentatzeko. Baina ondoko lanean ere pentsatzen hasi gira, sortzea beharrezkoa baita.

Eta bukatzeko, Euskal Herritik kanpo kontzertuak emateko intentzioa baduzue?

Pasa diren urteetan atera ginen Euskal Herritik, baina gutti. Hala ere, intentzioa badugu, noski. Harremanak baditugu eta baliatuko ditugu Euskal Herritik kanpo ibiltzeko.

Eta entzuleen aldetik zein da jasotzen duzuen erantzuna?

Entzuleek askotan diote zuzeneko indarra jasotzen dutela, eta baita gure musika egiteko plazerra nabaritzen dela ere.