Cillian Murphy: Irlandar txorimaloa

Cillian Murphy: Irlandar txorimaloa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/cillian-murphy-irlandar-txorimaloa/@@download/image/cillian_murphy__1393947229.jpg
2014/03/10
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
Cillian Murphy: Irlandar txorimaloa
Rock izarra izatea. Horixe zen Cillian Murphyk gaztetatik amesten zuena. Hamar urterekin hasi zen abestiak konposatzen, eta hemezortzi urte bete aurretik, hainbat taldetan jo zuen. Talde definitiboa baina, anaia Páidirekin eta lagun batzuekin osatuko zuen.

Frank Zapparen birtuosismoak harrapatuta, honen kanta bat omenduz, The Sons of Mr. Greengenes jarri zioten taldeari izena. Eta The Beattles adibide hartuta, jarraitzaile andana liluratzeko bideari ekin zioten. Hasi eta gutxira, Londresko Acid Jazz Records diskoetxeak bost disko grabatzeko kontratua jarri zien mahai gainean, baina anaia Páidik oraindik bigarren hezkuntza amaitzeko zuela kontuan hartuta, gurasoek ez zieten sinatzen utzi.

Corkeko Unibertsitatean Zuzenbide ikasketak hasi zituen orduan Cillianek. Urtebete iraun zuen. Legeek ez zuten erakartzen. Bai ordea antzerkiak, batez ere A Clockwork Orange antzokian ikusi eta gero. Klaseetan izena eman, obra txikiak egiten hasi, film independenteak… Danny Boyle zuzendari ingelesak deitu zion arte. Hala, zonbiek okupatutako Londres post-apokaliptikoan bizirautea lortu zuen 28 Days Later (2002) arrakastatsuan. Gothamen bizirautea proposatu ziona, aldiz, Christopher Nolan izan zen. Bat-jantzia jarri eta frogak egin zituen, baina Christian Bale izan zen aukeratua. Hala ere, Jonathan Crane doktorearen papera eman zion Nolanek, eta Batman Begins (2005) filmeko gaizkinik onena izan zen Scarecrow txorimaloa.

Baina aktore modura gorenean jarriko zuen filma etxera bueltan egin zuen, Patrick ‘Kitten’ Braden transexualaren paperean, Neil Jordanen esanetara: Breakfast on Pluto (2005). 60 eta 70eko Irlandan kokatua, gatazka armatuaren unerik gogorrenak tartean, haurra zela abandonatu zuen amaren bila doan gaztearen pertsonaiak kritika zein publikoa  aho bete hortz utzi zituen. Eta urtebete geroago, Ken Loach entzutetsuaren zuzendaritzapean, Irlandako independentzia gerra eta gerra zibila gai zituen The Wind that Shakes the Barley protagonizatu zuen. Inception (2010) bezalako blockbuster arrakastatsuetatik pasa ostean, Jennifer Connelly eta Mélanie Laurenten alboan, Claudia Llosa zuzendari perutarraren No llores, vuela estreinatuko du hilabete honetan gurean; Ibon Cormenzana bilbotarrak ekoiztutako filma.

Nortasun Agiria


Izena: Cillian Murphy.
Jaioteguna: 1976-05-25.
Jaiolekua: Douglas (Irlanda).
Ezizena: Cilly.
Bikotea: Yvonne McGuinness aktorea.
Aktore maiteena: Liam Neeson.­­
Maite du: Arropa klasikoa.
Gorroto du: Pertsona publikoa izatea.