Chuck Palahniuk: Bizitza borroka baita

Chuck Palahniuk: Bizitza borroka baita https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Chuck Palahniuk: Bizitza borroka baita
"Fight Club" nobela ezaguna idatzi zuenetik, X Belaunaldiko idazle esanguratsuenetariko bat bihurtu da Chuck Palahniuk.
Charles Michael Chuck Palahniuk. Izen luze horren atzean, X Belaunaldiko idazle ezagunenetariko bat ezkutatzen da. Palahniuk Washington estatuko Burbank herri txikian jaio zen, 1962an. Gurasoekin batera, etxe mugikor batean bizi izan zen, gaztaroa heldu arte. Gurasoak dibortziatu zirenean, berriz, aiton-amonen arrantxora joan zen bizitzera.
Unibertsitatean hasteko tenorea iritsi zitzaionean, Palahniuk kazetaritza ikasten hasi zen Oregonen. Hala, erdi kasualitatez heldu zen literaturara. Lagunak egiteko helburuarekin, Tom Spanbauer-ek ematen zituen literatura tailerretara joaten hasi zen. Orduan hasi zen lehen lanak idazten, 30 urte zituenean.
Borrokalarien kluba
"Fight Club" (1996) nobelak ospetsu bihurtu zuen Palahniuk. Nobela hura, halabeharrez argitaratu zuen idazleak, baina azkenean, giltzarri izan zen bere bizitzan. Kontua da Palahniuk-ek "Invisible Monsters" izeneko nobela aurkeztu ziela editoreei, baina haiek, albo batera utzi zuten "asaldatzaileegia" zela argudiatuta. Chuck Palahniukek, editoreak are gehiago asaldatzearren, "Fight Club" lana idatzi zuen, lan horri ere ezezkoa eman ziezaioten. Baina, Palahniuk-en sorpresarako, editoreek bigarren lana argitaratzea erabaki zuten.
"Fight Club" bultzada handia izan zen Chuck Palahniuk-entzat, eta are gehiago, 1999an, David Fincher zuzendari ospetsuak nobelan oinarritutako filma egin zuenean, Brad Pitt eta Edward Norton aktoreekin batera. Urte horretan bertan, "Survivor" eleberria eta "Invisible Monsters"-en moldaketa bat argitaratu zituen. Urte batzuk geroago, Palahniuk-ek lehen best sellera plazaratu zuen: "Choke" (2001).
Gizarteak baztertuta
Palahniuk-en nobeletan gizarteak baztertutako pertsonaiak dira protagonista. Bazterketa horren aurrean, gainera, jarrera oldarkorra eta autosuntsitzailea hartzen dute pertsonaiek. Idazlea istorio horiez baliatu ohi da gizartearen arazoez hausnarketa egiteko, eta, horrexegatik, askok nihilismorako joera egozten diote Palahniuki: "Nire lanak nihilistak direla esaten dute, besteek sinesten ez dituzten ideiak ditudalako. Baina ni gertuago nago erromantizismotik", dio.
Nihilista, erromantikoa, satiroa, umoregile beltza… Hitz asko erabiltzen dira Chuck Palahniuk definitzeko. Izan ere, bere nobela guztietan daude osagai horiek. Irakurri, dastatu eta erabaki, zuena da hitza.