Christina Ricci: Bad girl

Christina Ricci: Bad girl https://www.gaztezulo.eus/albisteak/christina-ricci-bad-girl/@@download/image/3p41-1_1361282659.jpg
2000/12/01
erreportajea
Christina Ricci: Bad girl
Txikia, biribila, zakarra eta politikoki ez zuzena da Christina Ricci. Zarama janari koipetsuak eta zigarrotxo pozoitsuak ditu atsegin eta intzestuarekin obsesionatuta dagoela aitortu du sarri. Adiskide minenek mutante bat dela ziurtatzen dute eta De-tails aldizkariak urteko neskarik zitalena hautatu zuen iaz.

Zinema izar eder, anorexiko eta silikonatsuz jositako Hollywood urreztatuaren salbuespen ia bakarra da Chris errebeldea. Ez baita ohiko plastikozko panpin klonikoa; Boterok labelik oneneko haragian zizelkatutako musa modernoa baizik. Arrunta da baina ez faltsua. Eta freak itxura badu ere, erakargarria denik ezin uka. Natural-naturala delako. Onerako zein txarrerako. Horregatik dugu hain gogoko.

Mermaids txukuna estreinako filma izan zuen arren, The Addams Family atseginak eman zion ospea Chris lotsagabeari. Haur makur izateari utzi eta gazte nerabe bihurtu zenean, ordea, ez omen zen behar bezain eder. Behar bezain xamur. Hala, irudiaren kultua ardatz nagusi duen zinema industria gupidagabeak ate guztiak hertsi zizkion mutur aurrean. Haur famatuen kanposantuan ehorztera zihoazenean, ostera, Ang Lee finak rol txiki baina esanguratsu bat eskaini zion The Ice Storm maisulanean.

Une hartatik aurrera, zantzu erotikoz zipriztindutako vamp iradokitzaile ezezik, zinemagile independiente interesgarrienen printzesa zikina ere bilakatu da Christina Ricci. Vincent Gallo, Terry Gilliam, John Waters eta Tim Burtonen zeluloidezko maskorren perla ilun, alegia. Etorkizun oparoa du irudiaren esklabutzaren aurrean bere burua intsumisotzat duen aktore apart honek, zinki. Edertasuna zimeldu arren, talentua hilezkorra delako.