Chloe Moretz: Ez begiratu, txiki

Chloe Moretz: Ez begiratu, txiki https://www.gaztezulo.eus/albisteak/chloe-moretz-ez-begiratu-txiki/@@download/image/chloe_moretz_1378462959.jpg
2013/09/09
erreportajea
Testua: Aitor Abaroa
Chloe Moretz: Ez begiratu, txiki
Espainiako Gobernuak behinola ezagunak ziren bi erronboak berreskuratzeko asmoa duen honetan, AEBetan MPAA erakundeak filmak katalogatzen jarraitzen du.

PG umeak nagusi batez lagunduta joan daitezen, R hamazazpi urtetik beherakoak derrigorrez lagunduta joan behar dutela adierazteko, eta NC-17 adin txikikoei zinemara sartzea debekatzeko. Horra paradoxa: aktore gazte askok ezin izaten dituzte euren filmak ikusi. hamasei urteko Chloe Moretzek ondo daki zer den hori.

Zortzi urterekin egin zuen debuta The Amityville Horror (2005) filmean. 1974an, Ronald DeFeok bere gurasoak eta lau anai-arrebak erail zituen Amityville herriko 112 Ocean Avenuen kokatutako etxean. Urtebete geroago, Lutz familiak erosi zuen etxea, baina ahots arraroen, irudi fantasmagorikoen eta hainbat poltergeist-en ostean, etxea uztea erabaki zuten. Chloe Moretzek Lutz familiako alaba gaztea gorpuztu zuen filmean eta beldurtzeko moduko talentua erakutsi zuen. Jendea izutzeko gaztetxo ezin egokiagoa izaki, The Eye (2008) eta antzerako proiektuetan parte hartu zuen ondorengo urteetan.

Kick-Ass (2010) ez da berez beldurrezko filma, superheroi komiki baten moldaketa koloretsua baizik. Baina mozorrotutako Hit-Girl neskatxa gaizkileak jipoitzen, tirokatzen eta akabatzen ikusteak hautsak harrotu zituen, kontuan hartuta filma errodatu zuenean Moretzek 11 urte zituela. Aktoreak berak ondokoa zabaldu zuen komunikabideetan: "Serioski gomendatzen dut hemezortzi urtetik beherako inor ez dadila filma ikustera joan". Martin Scorsese iaioa da protagonista ahozikinak zuzentzen eta Tim Burtonek inork baino hobeto daki film ilunak egitea zer den. Hala ere, Hugo (2011) eta Dark Shadows (2012) ipuin ukituko parentesi umoretsua izan ziren neskatxaren filmografian.

Txisteak amaitu dira, ordea. Datorren hilabetean estreinatuko du Moretzek Carrie, Stephen Kingek plazaratutako lehen eleberriaren moldaketa berria. Lehenengoan, 1976koan, Sissy Spacekek Chamberlain hiria suntsitu zuen pazientzia amaitu zitzaionean. Chloe Moretzen curriculuma ikusita, ikaskideek bakean utzi dezatela, ondorioak beldurgarriak, ikaragarriak, izugarriak izan daitezke eta.

Nortasun Agiria


Izena: Chloe Grace Moretz.
Jaioteguna: 1997-02-10.
Jaiolekua: Atlanta (AEB).
Animalia: Zoe izeneko katua.
Aktore kuttuna: Naomi Watts.
Film maitatuena: Legally Blond (Robert Luketic, 2001).
Telesail gustukoena: The Sopranos.
Maite du: Balleta eta saskibaloia.
Gorroto du: Elkartasun eza.