CHILOÉ: MITO ETA KONDAIRAK

CHILOÉ: MITO ETA KONDAIRAK Munduko txoko ezkutuenak deskubritu nahi dituzu? Ez galdu GAZTEZULOko 'Mundua' atalerako Xabat Izagirrek proposatutako helmuga exotiko eta harrigarriak! https://www.gaztezulo.eus/albisteak/chiloe-mito-eta-kondairak/@@download/image/MUNDUA_CHILE_ARTXI.jpg
2019/08/22

Testua: Xabat Izagirre

Munduko txoko ezkutuenak deskubritu nahi dituzu? Ez galdu GAZTEZULOko 'Mundua' atalerako Xabat Izagirrek proposatutako helmuga exotiko eta harrigarriak!
CHILOÉ: MITO  ETA KONDAIRAK

Aparteko nortasuna

Txile munduko herrialde luzeena da. Bere hedaduraz jabetzeko, Donostiatik Ghanaraino joan beharko genuke distantzia bera egiteko, 4.329km guztira. Geografia aldakorra dela eta, muturreko klimak, paisaiak eta kulturak aurki daitezke. Chiloé uhartedia Santiago hiriburutik 1.125 kilometro hegoaldera dago eta Nafarroak duen tamainarekin parekatu daiteke. Herrialde honek mendeetan zehar jazotako isolamendua dela medio, kultura eta folklore paregabeak ditu gaur egun.

Chacaoko kanala

Irla nagusira iristeko garraiobide erabiliena den transbordadoreak 35 minutuan lotzen ditu Pargua eta Chacao herriak. Azken urteotako turismoaren gorakada dela eta, 2012. urteaz geroztik hegaldi komertzialak jasotzen ditu Castro hiriburuak. Mende hasieratik gobernu zentraleko agendan dagoen Chacao zubiaren makroproiektuak gatazka politiko eta sozial sakona piztu du. Chiloé eta kontinentea errepide bidez lotzeko Latinoamerikako zubi zintzilikari handiena eraiki nahi dute. Honen harira, eskualdeko elkarte askok zubiaren eraikuntzak ekarriko lituzkeen ondorioak kritikatu dituzte: baliabide naturalen ustiapena, ondare kulturalaren galera, turismoaren masifikazioa, etab.

Palafitoak eta elizak

Palafitoak ur ertzean kokaturiko etxebizitza koloretsuak dira eta hauen kokapena estrategikoa izan da arrantzatik bizi izan diren familia askorentzat. Gaur egun ostatu-boutique gisa eskaintzen dira. Castro hiriburuan egonez gero, oso gomendagarria da Ganboa auzoko palafitoetan gutxienez gau bat igarotzea. Chiloé-ko edozein bazterretan egonda ere, bisitariak liluratuta utziko duen eliza batekin egingo du topo. Hauetariko 16 Gizateriaren Ondare izendatu zituen UNESCOk 2000. urtean, euren aparteko arkitekturagatik.

Lurrazpiko labea

Curantoa da seguruenik chiloetarren berotasun eta adeitasuna zehazkien erakusten duen elementua. Metro erdiko zulo eta harri beroekin lurrazpiko labea sortzen dute, eskualdeko produktuak erabiliz: itsaskiak, haragia, patatak eta txorizoa, besteak beste. Dena prestatzeko behar den denboragatik familiak elkartzeko eta bisitariei ongietorria emateko aitzakia ezin hobea da. Plater hau dastatzeko aukera aparta Dalcahue herrixkan aurkituko duzu, jatetxe eta merkatu ugari baitaude inguruan.

“Traucoa izan da”

Bertako komunitate indigenen eta XVI. mendeko espainiar konkistatzaileek ekarritako kondairen nahasketaren ondorioz, mitologia aberatsa sortu da Chiloén. Traucoa da seguruenik pertsonaia ezagunena. Esanen arabera, ogro itxurako izaki honek eskualdeko emakume gazteak magiaz haurdun uzten zituen. Aitzakia oso erabilia izan da urteetan zehar haurraren aita ezezaguna zenean eta emakumearen ohorea mantendu nahian.

Lau hankako bidelagunak

Datuen arabera, eta tamalez, Txileko kaleetan 2 milioi txakur inguru bizi dira. Atzerriko bisitariak asko harritzen dituen fenomenoa da eta Chiloéren kasua ez da salbuespena. Txakurren gehiengoa oso lagunkoia eta kaltegabekoa da. Hala ere, bi gurpileko ibilgailuek (bizikleta eta motorra) pizten dieten atentzioa arriskutsua izan daiteke askotan. Oso erne ibiltzea gomendatzen da istripuak ekiditeko, hiriguneetan bereziki.