Chillida Lekuk Joan Miróren erakusketa zabaldu du
Joan Miró eta Eduardo Chillida elkartu zituen adiskidetasunaren omenez ireki dute Miró Zabalagan erakusketa Chillida Lekun. Erakusketa Zabalaga baserriko lehen solairuan ipini dute, eraikina bera izan baita obrak aukeratzeko abiapuntua. Artistaren ohiko gaiak jorratzen dituzten 1946 eta 1991 urteen arteko eskultura, marrazki eta grabatuz osatuta dago erakusketa, eta Oiseau solaire, Pájaro solar [Eguzki Txori ] (1946-1949) edo Femme, Mujer [Emakume] (1970) pieza aipagarriak daude ikusgai.

Erakusketaz gain, bestelako ekintza osagarriak ere antolatu dituzte. Batetik, Mir´orentzat musika: Alain Planesek Joani eskainia emanaldia egingo dute. Alain Planés (Lyon, 1948) musika klasikoko piano-jotzailea da, Miróren laguna, eta harekin esperientzia ugari partekatu zituen. Artistaren gustuko musikan oinarritutako kontzertua eskainiko du frantziarrak ekainaren 11n, arratsaldeko zazpietan.

Bestalde, artistaren inguruko sormen lantegia ere izango da ekainaren 4an, 11:00etan. Familientzako saio honetan, artista poeta honen zeinuen hiztegia ezagutuko dute parte-hartzaileek, Maushaus taldearen eskutik. Erakusketara bisita egin eta bere irudi harrigarriak ondo aztertu ondoren, eskulturak egiteko lanari helduko diote. Eraikin tridimentsionalak diseinatuko dituzte, forma “mironiarretan” oinarrituta.

Gainera, haur eta gazteentzako udalekuak ere prestatu dituzte, arte eta arkitektura tailerrak, Maushausen gidaritzapean. 12-15 urte artekoentzakoak uztailaren 11tik 15era izango dira, 10:00etatik 13:00etara. 6 eta 11 urtekoenak, berriz, uztailaren 18tik 22ra izango dira, ordutegi berean.
Tailer horietan museoan ikusgai dauden artelanak ezagutuko dituzte, eta hainbat teknika artistiko esploratzeko eta euren lanak sortzeko aukera izango dute gaztetxoek. Marrazkia, collagea, grabitazioak, eskultura, zementuzko modelaketa edo tapiza dira landuko dituzten tekniketako batzuk.


