Chill Mafia, Olatz Salvador, Maite Larburu, Verde Prato eta AMAK taldeak jaso dute Musika Bulegoa Saria

Chill Mafia, Olatz Salvador, Maite Larburu, Verde Prato eta AMAK taldeak jaso dute Musika Bulegoa Saria Ether Ensemble, Ramon Lazkano, Gaur, Trio Zukan eta Motxila 21 ere saritu dituzte. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/chill-mafia-olatz-salvador-maite-larburu-verde-prato-eta-amak-taldeak-jaso-dute-musika-bulegoa-saria/@@download/image/FS-02knWYAIxdIO.jpg
2022/05/18

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Ether Ensemble, Ramon Lazkano, Gaur, Trio Zukan eta Motxila 21 ere saritu dituzte.
Chill Mafia, Olatz Salvador, Maite Larburu, Verde Prato eta AMAK taldeak jaso dute Musika Bulegoa Saria

Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteak, bertako artista, talde edo musika proiektuek iaz burututako lana saritu du seigarren edizio honetan ere. Ehun proposamen baino gehiago jaso dituzte, erdiak baino gehiago emakumeenak, eta, ohiko moduan, sektoreko zortzi profesionalez osatutako epaimahaikoak aukeraketa egin behar izan du. 

Epaimahaiak honako zortzi bakalari edo talderi egin die aitortza aurtengoan: Amak, Chill Mafia, Ether Ensemble, Ramon Lazkano, Gaur, Maite Larburu, Olatz Salvador eta Verde Prato. Bestalde, Trio Zukan-ek eskuratu du Etxepare Euskal Institutuaren Musika Saria, euskal musika gure mugetatik kanpo zabaltzeko egindako lana dela eta. Saritutako bederatzi musikariek 2.000 euro eta Fernando Mikelarena artistak diseinatutako eskultura jaso dituzte.

Bestetik, Euskal Herriko Musika Bulego Elkarteko (EHMBE) zuzendaritza-batzordeak sari berezia eman dio Motxila 21 taldeari, “bultzatzen duen elkartasuna eta musikarien arteko elkarlana eredugarria delako”.  Taldeak ere Mikelarenaren eskultura jaso du. 

Sektorearentzat iazko urtea "bereziki zaila" izan dela aitortu du elkarteak, baina iritsitako proposamenak "kalitate handikoak" izan direla eta epaimahaikoak "aukeraketa egiteko lana" izan duela. Deialdi honetara estilo askotako musika lanak aurkeztu dira: pop-rock-urban, musika klasiko garaikidea, folk, jazz edo musika elektronikoa, besteak beste. Euskara izan da proposamen gehienen hizkuntza nagusia (% 59), nahiz eta lan instrumentalen kopurua ere hazi egin den (% 22). Gainerako lanak gaztelaniazkoak izan dira (% 11), eta hamar proiektutik ia bat beste hizkuntza batzuetan egin da.

Euskal musikaren sektorea balioan jartzea, artisten lanak sustatzea, haien lanak ezagutzera ematea eta bultzatzea, eta erakusleiho izatea du helburu, besteak beste, sariketa honek.