Chiki Lora, Zea Mays eta Skakeitan taldeak Amurrion
Amurrioko Udalak eta Burubio Kultur Elkarteak antolatutako Udako Kultur Tantak ekimenaren barruan hiru kontzertu izango dira hilaren 13tik 15era. Chiki Lora, Zea Mays eta Skakeitan taldeek joko dute hurrenez hurren Mendiko Eskolan, 22:30ean.
Chiki Lora ostiralean arituko da Amurrion. Canteca de Macao talde ospetsuko kidea da, eta Volaré diskoa aurkeztuko du. Hurrengo egunean, larunbatean, Adore lan laburra kaleratu berritan iritsiko dira Zea Mays taldekoak. Kantu horiek eta ezagunak diren beste batzuk entzun ahalko dituzte bertaratzen direnek.
Azkenik, Skakeitan taldekoak izango dira igandean. Pandemia hasi baino hilabete batzuk lehenago aurkeztu zuen taldeak Nola galdu denbora diskoa, eta duela gutxi hasi dira zuzenekoak eskaintzen.
Kontzertuetara joateko gonbidapena beharko da eta herrian erroldatu gabe dauden pertsonek Turismo Bulegoan eskura ditzakete sarrerak 10:00etatik 14:00etara eta 17:00etatik 19:00etara. Pertsona bakoitzak 4 sarrera eskuratu ahalko ditu gehien jota, eta sarrerak jaso dituztenen izen-abizenak jasoko dira.
