Cesare Pavese: Bizitza lanbide

Cesare Pavese: Bizitza lanbide https://www.gaztezulo.eus/@@site-logo/logoa.png
2012/12/13
erreportajea
Cesare Pavese: Bizitza lanbide
Ezaguna da oso Italian XX. mendearen erdialdean nagusitu zen "neorrealismo" izeneko korronte artistikoa, bereziki zinean, baina baita literatura arloan ere. Garai hartakoak ditugu zine zuzendari handi asko: R. Rosselini, Visconti, De Sica... Haiekin batera, idazle ezagun asko aritu ziren lanean: Moravia eta Pratolini, kasu. Ordurako desagertua zen mundutik Cesare Pavese; buruaz beste egin zuen 1950ean. Aspalditik zegoen suizidioaren ideiarekin obsesionatua. Bere ondareak, ordea, izan zuen "neorrealismoa"-ren inguruan eraginik, itxura batean, estetikoki, mugimendu honen oinarrietatik urrun bazegoen ere. 
Piamonteko herrixka batean jaioa, Pavesek Turinen eman zituen bere bizitzako urterik gehienak. Itzultzaile eta irakasle lanetan aritua, sortu berria zen Einaudi argitaletxe garrantzitsua zuzendu zuen 30eko hamarkadaren erdialdetik aurrera. Argitaletxe honen eskutik helduko dira gerora Italiako idazleen lanik goraipagarrienak. Alderdi Komunistan ere sartu zen, baina etorkizunean ilusio gehiegirik izan gabe, bera bezalako pertsona eszeptiko batengan ohizkoa zen bezala. Poema liburu ederrak idatzi zituen: "Lanak nekatzen du" eta "Gaua etorriko da eta zure begiak eutsiko ditu". 
Baina, bereziki, narratzaile bezala da ezaguna Pavese. Bikoteen arteko harremanak eta gaztaroa izan zituen ardatz, egunerokotasunaren zalantzak eta kontraesanak. Piamonteko herrixketako muino eta mahastiak, Turineko kale eta tabernak, ilargia eta sua, Genova eta Rivierako itsasoa. Horiek guztiak dira bere pertsonaien eremu geografiko eta sentimentalak. Maitasuna eta bizitza zer diren ikasten saiatzen dira gehienak, sentimenduen bizipena oinarritzat hartuz. Lirismo handiz deskribatu zituen denak: nekazariak, hiriko langileak, artistak, aktoresak... Bere lanen artean hauek nabarmendu daitezke, besteak beste: "Uda ederra", "Deabrua muinoen gainean", "Burkidea" eta "Hondartza". Euskaraz irakur daitezke gehienak. Bestetik, oso ezaguna eta interesgarria da Pavesek idatzitako egutegi modukoa, "Bizitza lanbide" izenburu duena. Bere bizitza eta obra ulertzeko testu bikaina da, eta ezbairik gabe, XX. mendeak utzi duen lanik oinarrizkoenetako bat. Gogoetaz eta zitaz josirik, idazle eszeptiko eta iradokitzaile handi honen unibertsora hurbiltzeko parada bikaina eskaintzen digu.