Castillo Suarezen liburutik abiatuta, 'Alaska' ekitaldia egingo dute martxoaren 22an, Bilboko Euskararen Etxean
Poesiaren Nazioarteko Eguna izaten da martxoaren 21ean eta hori aitzakiatzat hartuta, ekitaldi berezia antolatu dute hurrengo egunerako, hilaren 22rako, Bilboko Euskararen Etxeko Berba aretoan, 19:30etik aurrera. Alaska izenburua izango du, Castillo Suarez idazleak 2023an kaleratutako poema liburua oinarri hartuta.
Castillo Suarezek liburuaren nondik norakoak azalduko ditu, Julen Azpitarte kazetariak lagunduta.
Bestetik, Amaia Hormaetxeak eta Endika Basagurenek Euskara Sukaldatzen izeneko dokumentala aurkeztuko dute. AEBetan filmatu dute, New York, Washington DC eta Miami hirietako leku ezagunetan, eta dokumentalean hainbat pertsona ageri dira Castillo Suarezen Alaska liburuko olerkiak irakurtzen. Ikus-entzunezkoaren haria Aitor Garate euskal sukaldariak egindako plater bat da. Diasporako euskal komunitateetan euskara aztertzea eta ikertzea du xede proiektuak.
Azkenik, Argi Arte eskolako ikasleen ilustrazioak ere ikusi ahal izango dira. 18 eta 22 urte bitarteko ikasleek haientzat euskara zer den irudikatuko dute sabaitik zintzilikatuta egongo diren 120 x 45 cm-ko euskarrietan.

