Castillo Suarez idazlea euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Castillo Suarez idazlea euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak Hogeita bi euskaltzain oso daude Euskaltzaindian, horietako zortzi emakumezkoak. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/castillo-suarez-idazlea-euskaltzain-oso-izendatu-du-euskaltzaindiak/@@download/image/Castillo-Meabe_besarkada.jpg
2022/10/03

Testua: Maitane Legarreta Etxezarreta
@mailegetx

Argazkiak: Euskaltzaindia eta Enara Intsausti

Hogeita bi euskaltzain oso daude Euskaltzaindian, horietako zortzi emakumezkoak.
Castillo Suarez idazlea euskaltzain oso izendatu du Euskaltzaindiak

Euskararen Akademiak Osoko bilkura egin zuen Nafarroako Parlamentuan  joan den ostiralean, eta bertan bozketa egin zuten euskaltzain osoek, Patxi Zabaleta emerituaren hutsunea betetzeko. Castillo Suarezek gehiengo osoa lortu zuen. Beste hautagaiak, Paula Kasaresek, hautagaitzari uko egin zion bozketa izan aurretik. Orain, zortzi hilabeteko tartea izango du idazle altsasuarrak sarrera-hitzaldia prestatzeko, eta gero harrera-ekitaldia egingo zaio.

Castillo Suarez Garcia (Altsasu, Nafarroa, 1976) Euskal Filologian lizentziaduna da eta toki-administrazioko euskara teknikaria. Hainbat poesia lan idatzi ditu, hala nola SouvenirUrtebetetze festa, Irautera eta Elurra elurraren gainean. Haur literaturan ere aritu da eta baita hedabideetan kolaboratzen ere. Literaturari buruzko blog bat dauka: Iparraldeko neska. Euskaltzain urgazlea da 2016tik eta Euskaltzaindiko Sustapen batzordeko kidea 2021etik. 

96 euskaltzain oso historian
Gaur egun, 22 euskaltzain osoz, 10 euskaltzain emerituz, 145 euskaltzain urgazlez eta 65 ohorezko euskaltzainez osatua da Euskaltzaindia. 96 lagun euskaltzain oso izendatu ditu Akademiak 1918tik gaur arte.

Hogeita bi euskaltzain oso daude guztira egun, hamalau gizonezko eta zortzi emakumezko: Sagrario Aleman, Adolfo Arejita, Aurelia Arkotxa, Bernardo Atxaga, Miren Azkarate, Miren Agur Meabe, Jean-Baptiste Coyos, Patxi Goenaga, Roberto González de Viñaspre, Jabier Kaltzakorta, Joseba Lakarra, Alfontso Mujika, Beñat Oihartzabal, Miren Lourdes Oñederra, Paskual Rekalde, Patxi Salaberri, Pello Salaburu, Castillo Suárez, Ana Toledo, Miriam Urkia, Andres Urrutia, eta Mikel Zalbide.

Emerituak, berriz, hamar dira: Andoni Sagarna, Jean-Louis Davant, Andres Iñigo, Xabier Kintana, Xarles Videgain, Patxi Zabaleta, Jose Luis Lizundia, Txomin Peillen, Patxi Uribarren eta Ibon Sarasola.