Castillo Suarez eta Joseba Sarrionandia izango dira Donostiako Poesia Orduetan
Donostia Kulturak eta Euskal Idazleen Elkarteak urtero antolatzen dituzte Poesia Orduak izeneko errezitaldiak, irailean. Aurtengorako bi hitzordu lotu dituzte: bata, hilaren 7an izango da, Castillo Suarez, Juantxo Zeberio eta Xabi Lozanorekin eta, bestea, hurrengo egunean, hilaren 8an, Joseba Sarrionandia eta Ines Osinagarekin.
Asteazkeneko Alaska emanaldian, Castillo Suarezek jarriko ditu hitzak, Juantxo Zeberiok musika eta Xabi Lozanok argia eta eszenografia. Alaska izeneko bide bazterreko hotel abandonatu batean kokatutako narrazio batekin gurutzatuko dira hainbat poema eta doinu. Tokien doluaz arituko dira, desamodioaz eta abandonuaz. "Gure bizia, gure puskak, berriz ikusiko ez dugun jendearengan uzten ditugu, berriz egongo ez garen tokietan", azaldu dute. Errezitala eskainiko den lehen aldia izango da, eta bertan entzungo diren poemak, beste batzuekin batera, hurrengo urtean argitaratuko dira.
Ostegunean, berriz, Olatu arteko txalupa arraroa eskainiko dute Joseba Sarrionandiak eta Ines Osinagak. Duela ia hamar urte, Joseba Sarrionandiak Kuban sortutako letrekin Gosariak proiektua sortu zuten idazleak eta Gose taldeak. Orain, idazlea Euskal Herrian dela, letra horien jatorria eta zergatia azalduko ditu Ines Osinagaren musikaz lagunduta.
Bi errezitaldiak Victoria Eugenia Cluben izango dira, iluntzeko 19:00etan. Sarrera doakoa izango da, baina gonbidapenak jaso beharko dira antzokiko leihatilan, emanaldien egunetan, 17:00etatik aurrera.


