Carla Peirano: "Garrantzitsua iruditzen zait objektuek pertsonek definitzea eta ez markek".

Carla Peirano: "Garrantzitsua iruditzen zait objektuek pertsonek definitzea eta ez markek". Pedalei eragitea da Bilbon finkatutako Carla Peirano Txiletarraren pasioa, eta hori modarekin uztartuta Libertad Avenue marka sortu du. Hiriko txirrindularientzat kirol oinetakoetatik harago badagoela beste eskaintzarik erakutsi du. Honela jasangarritasuna, erosotasuna eta diseinua batu ditu emaitza ezin ederragoak sortuz. Onena ordea ez da hori, baizik eta, oinetakoak behin eta berriz konponduz, bota beharrean erabiltzen jarraitu daitezkeela, zapatagileen lanbide tradizionala aldarrikatuz eta ingurumena errespetatuz. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/carla-peirano-garrantzitsua-iruditzen-zait-objektuak-pertsonek-definitzea-eta-ez-markek/@@download/image/_U5A4584_BAJA.jpeg
2020/12/11

Testua: Jaione Dagdrømmer @hellehellei

Pedalei eragitea da Bilbon finkatutako Carla Peirano Txiletarraren pasioa, eta hori modarekin uztartuta Libertad Avenue marka sortu du. Hiriko txirrindularientzat kirol oinetakoetatik harago badagoela beste eskaintzarik erakutsi du. Honela jasangarritasuna, erosotasuna eta diseinua batu ditu emaitza ezin ederragoak sortuz. Onena ordea ez da hori, baizik eta, oinetakoak behin eta berriz konponduz, bota beharrean erabiltzen jarraitu daitezkeela, zapatagileen lanbide tradizionala aldarrikatuz eta ingurumena errespetatuz.
Carla Peirano: "Garrantzitsua iruditzen zait objektuek pertsonek definitzea eta ez markek".

Ezagutzen ez zaituenarentzat zein da Carla Peirano?
Emakume ekintzailea naiz, immigranteen iloba, joeren ehiztaria. Beste pertsonekin harremantzea eta komunikatzea biziki maite dut. Modaren sektorean garatu naiz modu profesionalean Nafarroa, Kataluina, Italia, AEB, Txile, India eta Brasilen. Hori dela eta merkatua eta kulturaren inguruko ezagutza zabala dut. Eta noski, bizikletan ibiltzea nire pasioa da: nire aitak erakutsi zidan sei urterekin, eta ordurik, nire bizitzako afera garrantzitsuak pedalekin konpontzen ditut. 

Txilen jaio eta mundu osoan zehar bizi izan zara. Zergatik aukeratu zenuen zure negozioa Bilbon hastea? 
Bilbo izugarri gustatzen zait, hiri berezia da niretzako. 2003. urtean etorri nintzen lehenengoz Modorra deitutako ekitaldi batera, non moda kritika eta diseinu independentea uztartzen diren. Hiri txikia da baina diskurtso propioa du eta atsegin dut. Guztia edukitzeko leku nahikoa handia iruditu zitzaidan, baina aldi berean, nahikoa txikia guztiaz jabetzeko. Nik guztia pedalkaden bidez neurtzen dut, eta Bilbo, punta batetik bestera 25 minututan zeharkatzen da. Hiri txikia da, baina metropoli kutsua du. 

Hiriko txirrindularientzat zapata eta osagarriak egiten dituzu, zergatik horren produktu zehatza? 
Libertad Avenue-k eskaintzen dituen ezaugarri guztiak, eta nik erabiltzaile bezala bilatzen nituenak, konbinatzen zituen produkturik ez zegoelako: jasangarritasuna, diseinua eta funtzionaltasuna. Libertad Avenue-ren oinetakoek erosotasunez eta segurtasunez bizikletan ibiltzea ahalbidetzen dute, eta aldi berean ongi janztea, ez kiroletako arroparekin. Gainera, lehengaiak eta ekoizpena hurbilekoak dira eta materialak jasangarriak: plastiko birziklatua, animalien ongizatea ziurtatzen duten abeltegietako larrua, pneumatiko birziklatuak... Laburbilduz. proiektua bilaketa pertsonalaren eta bizikletekiko maitasunaren arteko nahasketa da. 

Proiektua aurrera ateratzeko crowfuding kanpaina bat jarri zenuen martxan pandemia aurretik eta lehen produkzioa aurrera ateratzea lortu duzu. Pandemiak asko konplikatu al dizkizu gauzak? 
Lortu dudanaz nahiko harro sentitzen naiz. Ezusteko erronka bat izan da, konplexua eta zaila, baina aldi berean ase egiten nau sentitzea oraindik hemen nabilela borrokan, eta hunkituta garaiz iristeagatik Eguberrietarako online denda abiatzera. 

Libertad Avenue deitzen da zure marka, zer dela eta? 
2018an, nire bikotearekin, bizikletan Andeak gurutzatzeko ametsa bete nuen. Pedalei eraginez Askatzaileen nazioarteko igarobidea pasatzen ari nintzela oroitu nintzen ni jaio nintzen hirian, Viña del Mar, Txilen, Avenida Libertad (Askatasuna hiribidea) deitzen zen kale bat zegoela. Horrek burura nire familia istorioa ekarri zidan burura: nire amonak esaten zuen beti nire kasa nindoala eta horregatik Avenida Libertad deitzen zidan. Bidaia horren ondoren, lanera itzultzean, erabaki nuen Libertad Avenue zela bilatzen nuen izena, proiektuaren baloreak bertan ordezkatuak baitaude: giza baloreak, askatasuna, identitatea eta er
respetua.

Aipatu duzun bezala material jasangarriekin egindako produktuak dira gainera. Jasangarritasuna, erosotasuna eta moda batera joan al daitezke? 
Guztiz, dudarik gabe. Materiala, diseinua eta ergonomiak maila berean egon behar lukete. Mahai gainean hiru gauza hauek jarrita produktu jasangarri eta eroso bat lortzeaz gain, modako produktu bat ere lortzen da. 

Modelo begano bat ere baduzu botatako autoen pneumatikoekin eta plastikozko botilekin egina. Nondik datorkizu horrelako gauzak sortzeko trebetasuna eta pasioa? 
Nire birraitona zapatari italiarra zen, eta Valparaíso-n gizonezkoentzako traje eta oinetakoak zituen. Nire aitak bide hori jarraitu zuen, eta nire etxean beti presente egon izan den gai bat izan da. Orduan ohartu nintzen txirrindularientzat zegoen produktu gabezia eta mundu honetan sartzea erabaki nuen. Olmo deitzen den modelo beganoari maitasun handia diot. Erabilitako ia materiak guztiak material birziklatuak dira, kremailera bakarrik da berria. Alacanten material birziklatuak ekoizten dituen enpresa bat dago eta zoragarria da egiten dutena. 

Eguberri hauetan erosleak oinetakoa pertsonalizatzeko aukera du. Zertan datza aukera hau?

Laster, Libertad Avenue-ren webgunean erabiltzaileak gehien gustatzen zaion oinetako modeloa oinarri bezala hartuta pertsonalizatzeko aukera izango du: oinetakoaren kolorea eta lokarriena aukera, tonu ezberdinak konbinatu...

Zer nolako zailtasunak eta mugak aurkitu dituzu moda munduan?
Moda oso estandarizatuta dago, guztia gorputz edo estilo jakin batentzat pentsatuta dago. Konplexua da sortzaileak diren gauzak egitea, eta aldi berean, pertsona askorengana iristea. 

Zer da zuretzako moda?

Moda momentu jakin batean errepikatzen dena eta onarpen orokor bat duena izan daiteke. Niretzat ordea moda koktel bat egitea da. Osagai ezagunak jarri eta hauek beste modu batera nahastuz zerbait ezberdina egitea. 

Zergatik egin duzu produktu unisex-en aldeko apustua?
Beste ausentzia bat da, nahiz eta geroz eta ohikoagoa den generorik ez duten produktuak ikustea. Garrantzitsua iruditzen zait objektuak pertsonek definitzea eta ez markek. 

Zer eskaintzen dute zure produktuek merkatuko besteek eskaintzen ez dutena?
Libertad Avenue jasangarritasuna eta hiriko txirrindulariei segurtasuna eskaintzen dien marka bakarra da, bi kontzeptu horiek uztartzen dituen bakarra. Horri gehitu behar zaio, kirol oinetakoetatik urrutzen den diseinua ere eskaintzen duela. Jasangarritasuna gainera, ikuspuntu ezberdinetatik ulertua: lehengaiak, hornitzaileen kokalekua, konpontzeko aukera eskaintzean berriz ere lanbide tradizionalak goraipatuz...

Pandemiak eragindako krisiaren garaian, jendea prest al dago horrelako produktuengatik ordaintzeko?
Esango nuke baietz, errespetuz ekoizten duten markak inoiz baino gehiago ari da baloratzen jendea. 

Oro har, zer nolako harrera izan duzu? 
Oso pozik nago, izan ere, crowfunding-a oso ongi irten zen. Helburuetara iristeaz gain, uste baino gehiago saldu dugu. Salmentak Frantziatik ere iritsi zaizkigu, harrituta geratu naiz. Eta oraintsu Kanadatik ere pare bat salmenta iritsi dira. Polita eta hunkigarria da ikustea nire diseinuek mugak gainditzen dituztela. 

Nolakoa da zapata bat sortzeko prozesua? 
Ohialek baino malgutasun kreatibo gutxiago dute oinetakoek, euren sorkuntza konplexuagoa baita. Lehendabizi modeloa aukeratu behar da, adibidez kirol oinetako bat edo mokasin bat. Hortik aurrera sortze prozesua hasten da, bilatuz zer egin diatekeen modelo horrekin. Estandarretik ateratzen diren gauza gehiago baditu bereziagoa izango da, eta baita ekoizten garestiago. Oreka bilatzen joan beharra dago ideia eta produktu salgarri baten artean. 

Non inspiratzen zara?
Asko gustatzen zait natura, iruditzen zait bertan ditugula erantzun guztiak. Nire inspirazio iturri nagusia da. Bilduma bat hasi aurretik akuarelan margotzen dut edo aire librean brodatzen dut. Horrek nire buruarekin konektatzen nau eta inspirazioa aurkitzen laguntzen dit. 

Obsolezentzia programatuaren aurkako aldarria direla zapata hauek diozu, erabili eta bota beharrean konpondu daitezkeela. Kontsumitzailearentzat eta ingurugiroarentzat onura da hori, baina ekoizle bezala zein onura dakarkizu honek zuri? 
Zapatagile batek konpondu ditzake Liberad Avenue-ko oinetakoak, behin eta berriz. Laster, pneumatiko birziklatuekin egindako zola salgai egongo da gure webgunean, konpondu ahal izateko. Izan ere, hiriko txirrindularien oinetakoen zola azkar higatzen da, baina kirol oinetakoak adibidez ezin dira konpondu, ezin zaie zola aldatu. Honek niri ekartzen didan onura lehendabizi da sinisten dudan hori egitea. Bestetik, ingurumenarekiko errespetuz jokatzea. Bi gauzak garrantzitsuak dira niretzat. Negozio mailan berriz, epe luzera begira pentsatzen dut. Iruditzen zait iraungo duen zerbait edukitzea baliotsuagoa dela, denbora luze batean; askotan erabiliko duzun zerbait edukitzea. 

Hemendik aurrera, nola ikusten duzu proiektuaren etorkizuna? 
Marka finkatzeaz gain, denda fisikoetara ere iritsi nahiko nuke. Hurrengo fasean zolak saltzen ere hasi nahi dut, aipatu dudan bezala, nire oinetakoak behin eta berriz berritu daitezen. Eta etorkizunean oihalak ere gehitu nahiko nituzte, esango nuke hori oso polita litzatekeela!