Carey Mulligan: Berea da geroa

Carey Mulligan: Berea da geroa https://www.gaztezulo.eus/albisteak/carey-mulligan-berea-da-geroa/@@download/image/carey_mulligan_1371119414.jpg
2011/11/04
erreportajea
Aitor Abaroa
Agian ez da ederrena izango. Agian ez da lirainena izango. Ez ditu moda aldizkarien azalak pilatuko. Ez dute nerabeek bere orrazkera kopiatuko. Agian ez da Keira Knightley izango.

Pride and Prejudice (2005) Jane Austenen lan gorenaren moldaketan Keira izan zen protagonista, eta Carey itzalean geratu zen ahizparen azalean. Ikasi, hazi, zaildu beharra zuen oraindik. Eta zer hoberik horretarako Txekhoven luma eta Kristin Scott Thomasen erantzuna baino. The Seagull obrarekin Londresko Royal Court antzokian hasi eta Broadwayn amaitu zuen Carey Mulliganek.

2009an itzuli zen berriro zinemara. Geratzeko itzuli ere. Hogei urte helduagoa den gizon batekin maitemintzen den neskatxaren azalean, An Education (2009) filmean, eta mundu zabaleko sari preziatu guztietan lortu zuen urteko aktore onenaren izendapena, Oscarretan barne, baita horietako asko irabazi ere. Hala, urte bete geroago bat egin zuen Knightleyrekin berriro, Never Let Me Go distopikoan, Andrew Garfield desira zutela. Mutikoak txikitatik maite izan zuen Keiraren edertasuna, atrebentzia, lizuntasuna; baina azkenean Careyren irmotasuna, elegantzia, zintzotasuna aukeratu zituen.

Eta orain zer? Presta dadila ikuslegoa. Urteko film interesgarrienetako bi. Hasteko, hilabete honetan estreinatuko du aretoetan Drive, Ryan Goslingen ondoan. Aktoreen arteko kimikaz hitz egiten denean zehatz-mehatz zer esan nahi den jakin nahi duenak badaki zer ikusi. Eta ostean etorriko da Shame. Frustrazioak aienatzeko droga bezala sexua erabiltzen duen Michael Fassbender-i kontrapisu ideala egiten dio sorbalda ulerkor bat behar duen Mulligan ahizpa hauskorrak. Desesperazioa muturrera eramatea zer den jakin nahi dutenentzat.

Gozoa oraina, oparoa etorkizuna. The Great Gatsby klasikoaren moldaketan Robert Redford eta Mia Farrowren lekua hartuko dute Di Capriok eta Careyk. Eta azkenik, erantzunda zirudien betiereko galdera. Audrey Hepburnen oinordekoa? My Fair Lady musikalaren moldaketarako Keira Knightleyk zirudien aukeratua baina... Carey Mulligan izango da Eliza Doolitlle pinpirina. Nor bestela.

Nortasun Agiria


Izena: Carey Hannah Mulligan.
Jaioteguna: 1985-05-28.
Jaiolekua: London (Ingalaterra).
Mutil-laguna: Marcus Mumford musikaria.
Musikari gustukoena: Laura Marling.
Aktore kuttuna: Judy Dench.
Liburu maiteena: The Secret History (Donna Tartt, 1992).
Maite du: Hotzetan berokia janztea.
Gorroto ditu: Dietak eta gimnasioa.