Captain Nemo: korrontearen kontra

Captain Nemo: korrontearen kontra https://www.gaztezulo.eus/albisteak/captain-nemo-korrontearen-kontra/@@download/image/45p10-1.jpg
2004/10/01
elkarrizketa
Captain Nemo talde gipuzkoarrak lehenengo lana kaleratu berri du: "Korrontearen kontra urpekari bat". Boskotean Karkaxa, Naun, Eskoriatza, Heriotza eta Fist Fucking taldeetan aritutako musikariak daude. 

“Korrontearen kontra, urpekari bat” da diskoaren izenburua. Gaur egungo musikaren itsasoan ez ohiko estiloa jorratzen duzue: hardcorea. Korrontearen aurka al zoazte?
Egia da Euskal Herrian, hardcorea ez dagoela zabalduegi, batez ere euskaraz abestutako hardcorea. 80ko hamarkadan oso talde ezagunak egon ziren, baina gero beherakada etorri zen. Gure estiloa hardcorearen eta punkaren artean dago, nahiz eta, agian, kanpotik ikusita, norbaiti beste zerbait iruditu. Oro har, kanta motzak dira, azkarrak, indartsuak.  

Musika talde askotan ibiliak zarete. Horien eragina antzematen al da zuen abestietan?

Captain Nemo-k nortasun propioa du. Proiektu askotatik gatoz, eta kapitain hau horren emaitza da. Beti gustatu izan zaigu musika indartsua eta azkarra; gitarra indartsuak, esateko zerbait duten abestiak... Jarrera jakin bat. Seguru asko, gure kantatan aurreko taldeen eragina antzematen da, baina baita bestelako erreferentziak ere.   

Nondik dator Captain Nemo izena?

Izena erabakitzea ez zen erraza izan. Horretan ari ginela, “20.000 leagues under the sea” filma eman zuten telebistan. Oso zinezaleak gara. Nemo pertsonaia Jules Vernek sortu zuen, eta oso erakargarria da: gizartearen hipokresia gorrotu du, Nautilus urpekarian isolatuta bizi da... Pertsonaia egokia da gu bezalako talde batentzat.

Taldearen izena ingelesezkoa den arren, euskaraz abesten duzue.

Bai, eta jende asko harritu egiten da, baina guri kantak euskaraz ateratzen zaizkigu, aisa aritzen gara horrela.  

Noraino joango zinatekete kontzertu bat ematera?

Gustura joango ginateke itsaso azpira. Baina Nemo kapitainak eskaintza formala egin arte... edozein gaztetxe eta herritan jotzearekin konformatzen gara. Hori da gure bizioa.