Captain Nemo: Euskal Hiri ilunaren soinu banda

Captain Nemo: Euskal Hiri ilunaren soinu banda https://www.gaztezulo.eus/albisteak/captain-nemo-euskal-hiri-ilunaren-soinu-banda/@@download/image/85p60captain.jpg
2008/05/02
elkarrizketa
Argazkia: J. Areta
Captain Nemo: Euskal Hiri ilunaren soinu banda
Punk eta hardcore doinu ilunak, are istorio ilunagoetarako. Horixe dakar 1280 Euskal Hiria-k, Captain Nemo taldearen bigarren diskoak. Kapitainak martxoan hasi ziren zuzeneko aurkezpenekin, taldean fitxaje berria eginda, Xabi Señor No gitarrajolea.  

1280 Euskal Hiria. Nondik datorkio izena diskoari?
Bi liburu indartsuri keinu egiten die izenburu horrek: Jim Thompson idazlearen 1280 arima eta Xabier Montoiaren Euskal Herria sutan. Bien arteko nahasketa da, nolabait. Bi liburu horietan istorio eta pertsonaia ilun asko topatuko ditu irakurleak, eta, egia esan, horrelako asko daude ere gure abestien hitzetan.

Norabide berria markatu al du disko berriak? Atzera begira nola ikusten duzue zuen debuta Korrontearen kontra, urpekari bat diskoarekin?

Orain entzuten baduzu, oso fresko eta natural sonatzen du disko horrek, eta horrek sarma ematen dio. Hala ere, disko berri honetan taldea sendoago antzeman daiteke, eta nabari da urte batzuk eman ditugula elkarrekin kontzertuak ematen eta abestiak prestatzen. Hala ere, ez dago norabide aldaketa handirik.

Zer kontatzen du Captain Nemok bere abestietan?

Tira, hori jakiteko, hitzak irakurtzea eta abestiak entzutea da gauzarik onena, pasarte bat baino gehiago nahiko modu librean uler daitekeelako. Dena den, bai lehen diskoan bai bigarren honetan ere, ugariak dira zinema munduari egindako keinuak. Gauza bitxia da: pelikulak zubi interesgarriak dira guretzat abestietan istorioak kontatzeko.

Señor No taldeko Xabi fitxaje fitxatu duzue. Zer moduz moldatu zarete Xabirekin?

Erraza da Xabirekin ondo moldatzen. Izugarri gitarrajole ona da, ez dugu orain guk deskubrituko. Disko honen nahasketak egiten ari ginenean, maiz joaten ginen Xabiren etxera bere iritzia jasotzeko, eta diskoa asko gustatzen zitzaiola, eta ezer behar izanez gero berarengana jotzeko esan zigun. Halaxe egin genuen azkenean. Oso pozik gaude gure kapitain berriarekin: bera zuzenean ikusitago dagoenak badaki zertaz ari garen. Piztia hutsa da.