CAF-Elhuyar sariketarako deialdia zabalik

Abian da CAF-Elhuyar sariketaren edizio berria, zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea helburu duen sariketa. Zientzia eta irudimena, etorkizuneko giltzak aukeratu dute lelotzat, "gure gizarteak erronka handiak dituelako etorkizunerako: klima-larrialdiari aurre egitea, desberdintasun sozialak ezabatzea, dibertsitatea onartzea... Horretarako, zientzia ezinbesteko tresna izango da. Baita irudimena ere".
Hiru kategoria ditu sariketak. Horietako bat, dibulgazio-artikulu originalena da. Bi azpikategoriatan banatuta dago: dibulgazio-artikulu orokorra eta doktore-tesian oinarritutako dibulgazio-artikulua. Azpikategoria horien irabazleek 2.000 euroko saria, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat eskuratuko dituzte. Bestetik, zientzia-kazetaritzako arloko lanak daude. 2.000 euro, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta eskultura eskuratuko ditu garaileak. Azkenik, sorkuntza-bekaren atala legoke, zientziaren, teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuentzat. Aukeratutako proiektuen egileek 5.000 euroko dirulaguntza jasoko dute hura gauzatzeko, eta baita eskultura ere.
Horrez gain, NEIKER saria emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria 2.000 eurokoa izango da, eta beste sariekin bateragarria.
Lanak otsailaren 12ra bitartean aurkez daitezke, honako helbide honetan: cafelhuyarsariak.elhuyar.eus
Sariketa Elhuyarrek antolatzen du, CAF enpresarekin batera eta NEIKERen babesarekin.