CAF-Elhuyar sariketara lanak aurkezteko epea zabaldu dute
Konta(kta)tu da CAF-Elhuyar sariketaren aurtengo leloa, eta, ohiko legez, zientzia eta teknologiaren arloko gaiak eta ikerketak euskaraz gizarteratzeko lanak aitortzea eta bultzatzea du helburu sariketak.
Dibulgazio-artikulua, doktore-tesiaren artikulua, zientzia-kazetaritza eta sorkuntza-beka kategoriak daude sariketan. Dibulgazio, doktore-tesi eta zientzia-kazetaritzako artikulu edo lanen irabazleek bi mila euroko saria, Elhuyar aldizkarirako urtebeteko harpidetza eta Imanol Andonegi Mendizabalen eskultura bat jasoko dituzte.
Sorkuntza bekaren kategorian, zientziaren/teknologiaren eta gizartearen arteko elkarrekintza lantzen duten proiektuak onartuko dira. Aukeratutako proiektuen egileek 5.000 euroko dirulaguntza jasoko dute hura gauzatzeko, baita eskultura bat ere.
Horrez gain, NEIKER saria emango zaio lehen sektoreari lotutako artikulu onenari; saria bi mila eurokoa izango da, eta bateragarria izango da beste sariekin.
Uztailaren 1era arte aurkez daitezke lanak, honako helbide honetan: cafelhuyarsariak.elhuyar.eus
