Cabronaziren negozio iluna

Cabronaziren negozio iluna 370.000 euro Interneten edukiak lapurtzeagatik. Bidezkoa ote? https://www.gaztezulo.eus/albisteak/cabronaziren-negozio-iluna/@@download/image/FHZac7SO_400x400.png
2018/08/10
370.000 euro Interneten edukiak lapurtzeagatik. Bidezkoa ote?
Cabronaziren negozio iluna

Ziur behin baino gehiagotan barrez lehertu zarela  sarean dabiltzan milaka txiste, irudi eta bideoekin. Horiek zabaltzen dituen iturri ezagun eta famatuenetakoa Cabronazi da. Ezagutzen duzu, ezta? Zuetako asko jarraitzaile ere izango zarete. Baina, zer ezkutatzen da umore orrialde arrakastatsuaren atzean?

Facebook orrialde xume bat bezala hasi zenak, egun 25 milioi jarraitzaile ditu munduan sakabanatuta; 12 milioi Facebooken, 3,7 milioi Instagramen eta 266 mila Twitterren. Gainera, egun bereak diren hainbat webgune ditu eta sekulako negozioa du martxan. Bai, etekin ekonomikoa lortzen du Cabronazik, eta asko: 2017an 369.784 euro irabazi zituen.

Baina nor dago Cabronaziren atzetik? Hori izan da fanpage honen arrakastaren gakoetako bat; anonimotasuna. Teoria asko daude sarean eta oraingoz jabe bakarraren izena da publikoa: Carlos Soria Bernardo, enpresaren administratzaile bakarra. Dena den, jarraitzaile gehienek uste dute gutxienez hiru direla orrialde honen sortzaileak.

LAPURRETAREN NEGOZIOA

Cabronazik dirua egin du bere arrakastarekin, baina nondik dator arrakasta hori? Askok eta askok salatu duten moduan, lapurtutako edukietatik. Izan ere, Cabronazik ez du edukirik sortzen; Interneteko erabiltzaileen adimena eta umorea baliatzen ditu, gustuko dituen edukiak lapurtuz eta bere orrialdean ipiniz. Hala, benetako egileek ez dute sekula euro bakar bat ere jaso difusio horrengatik. Cabronazik bere burua defendatu du argitaratutako edukiak egilearen sinadura daramatela esanez eta beren baimena dutela adieraziz, baina asko ez daude azalpen horrekin konforme. Ironikoena zera da, Cabronazik berak antzeko fanpage-ak salatu dituela bere edukia plagiatzeagatik, hau da, beraiek egiten dutena imitatzeagatik. Nork ote du arrazoia?