Bulegora egindako joan etorrien abantailak

Bulegora egindako joan etorrien abantailak Telelanak gauza onak ditu, baina egunero etxetik ateratzeko aitzakia izatea faltan botatzen dugu. https://www.gaztezulo.eus/albisteak/bulegora-egindako-joan-etorrien-abantailak/@@download/image/telework.jpg
2021/02/08
berria

Ane Urrutikoetxea @aneurruti

Telelanak gauza onak ditu, baina egunero etxetik ateratzeko aitzakia izatea faltan botatzen dugu.
Bulegora egindako joan etorrien abantailak

2020ko berritasunik ekarri bazuen dudarik gabe telelana izan zen; hasieran ezinbestez hasi ginen etxetik lan egiten, eta pandemiak eragindako itxialdia hasi zela ia urtebete beteko denean, oraindik lantoki askok jarraitzen dute telelana aplikatzen. Hain zuzen, abantaila ugari ekarri ditu telelanak; osasuna zaindu eta distantziak mantentzeaz gain, langile askok denbora eta dirua aurreztu dute bulegora joateko beharrik gabe, lan orduak malgutu dituzte eta etxeko lanekin edota haurrekin kontziliatzeko bide berriak topatu dituzte. Baina dena ez da dirudiena bezain ederra; egunero bulegora egindako joan etorriek badituzte ere abantailak, eta etxean ordu luzez sartuta ematen dituzten horiek hasi dira abantaila horiek sumatzen.

Bulegora joateak sarritan trafiko arazoekin borrokatzea ekarri zezakeen, batez ere, eguraldi txarra egiten zuenean; dudarik gabe, inork ez du alderdi negatibo hori faltan botatzen. Baina eguneroko errutinak bazituen hainbat abantaila; gauzak horrela, egunero gosaldu, dutxatu, jantzi eta etxetik irteteko erritual horrek gure garunean efektu positiboak eragiten zituen. Gainera, azken urteetan bulegorako bidaiak egiteko kotxea utzi eta bizikleta, garraio publikoa ala zuzenean oinez joatea lehenesten hasiak ginen, gure osasun fisiko zein mentalean sekulako ona eginez.

Bulego batean lan egiteak, gainera, baditu beste abantaila batzuk; bulegoa da lanerako espazioa, bertan sartzen garenean hasten da lana, eta irtetean amaitzen da. Mugikorren erruz muga hori geroz eta lausoagoa bada ere, etxea espazio segurua zen orain arte, lanetik urrun zegoena. Orain, muga hori guztiz desagertu da. 

Baina lehen aipatu bezala, bulegora joateko bidaiak berak du onurarik garrantzitsuena gure garunean; egunero lan egiteko 30 minutu inguru mugitzea erritual garrantzitsua da; tarte horretan garuna psikologikoki prestatzen dugu eguneko zereginei aurre egiteko, eta gainera, distantzia psikologiko bat mantentzen dugu lana eta aisialdiaren artean. 

Azkenik, bulego lanak badu beste abantaila bat; lankideak. Beharbada denak ez dira gure gustukoak izango, baina lantegiko sozializazioak eragin positiboa du gure garunean; arazoak elkarbanatu, berriak komentatu, talde lana egin... telelanarekin harreman horiek hoztu eta distantziatu dira, bakardade sentsazioa areagotuz.