Bularren tamaina, kirola egiteko traba

... Eta noski, tamaina handiez ari gara. Osasunaren Mundu Erakundearen arabera, astean gutxienez 150 minutuz egin behar dugu ariketa fisiko aerobiko moderatua, edo bestela ariketa biziagoa 75 minutuz. Badakigu ez dela erraza beti, baina emakumeek bereziki dute minimo hori betetzeko zailtasuna. Arrazoiak ugariak dira, baina badago kasu askotan errepikatzen den faktore bat: bularren tamaina. Hala, Australiako Wollongong Unibertsitateak berriki egin duen ikerketaren arabera, bularren tamainak sekulako eragina du emakume bakoitzak egiten duen ariketa fisikoaren maiztasun zein intentsitatean.
Ikertzaileek ateratako ondorioen arabera, geroz eta bular handiagoak izan, orduan eta ariketa fisiko gutxiago egiten dute emakumeek. Hala, ikerketan parte hartu zuten neurri handieneko emakumeek adierazi zuten ariketa fisikoa egiteko zailtasun handiak zituztela, eta haientzat bularretako egokiak topatzeko zailtasunak zituztela. Hain zuzen, bularretako egokia ez topatzea da emakume askok kirola alboratzearen arrazoietako bat. Ez da lan erraza; bularretako onenek ere, ez dute ekiditen Cooper ligamentua estiratzea, eta ondorioz, bularren biguntasun goiztiarra.
ZER DEMONTRE GERTATZEN DA BULARREKIN?
Bularretakoak ez dira kirola ekiditeko emakumeen arrazoi bakarra. Egunerokotasunean ere, bular handiko emakumeek zailtasunak dituzte beren anatomiarekin guztiz eroso sentitzeko. Bularretakoak lentzeria espezializatuetan erosten dituzte, ohiko denda handietan ez dutelako beren tamainako bularretakorik topatzen, eta ez dira dendetako modeloekin inola ere ez identifikatzen. Arrazoia? Azken urteetan, modak guztiz zokoratu ditu bularrak, emakume argal eta figura androgenoak gailenduz. Hain zuzen, horren aurka geroz eta ahots gehiago entzun dira azkenaldian; adibidez, kritika gogorrak jaso ditu Victoria's Secret lentzeria enpresak, bere modeloek ez dituztelako kurbadun zein bular handidun emakumeak ordezkatzen. Zer demontre gertatzen zaio modari bularrekin?