Buitraker: homologatu gabeko putreak

Buitraker: homologatu gabeko putreak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/buitraker-homologatu-gabeko-putreak/@@download/image/2p11-1.jpg
2012/12/13
elkarrizketa
Buitraker: homologatu gabeko putreak
Buitraker izena dute eta iruñearrak dira. Ez dute zerikusirik Vibora komikian, Bartzelonako Rambletako Cristobal Colon-en estatuan, bizi zen genio txarreko putre yonkiarekin.

Taldea duela sei urte sortua zen. Denborarekin, hasierako hirukotea boskote bihurtu zen: Ibon (bateria), Patxi (baxua eta ahotsak), Aitor (ahots nagusia eta gitarra), Fernando (gitarra eta programazioak), eta Iñigo (teklatuak). Maketa bat kaleratu ondoren, 1998an "Lurrun makina" izeneko lehendabiziko diskoa argitaratu zuten Gor disketxearekin. Joan den astean aurkeztu zuten "Homologao" beren bigarren lana.
Elektronikoagoa
"Lurrun makina" hartan bezala, bigarren lan honen zutabeak argi daude: oinarri erritmiko sendoen gainean eraikitako gitarra akorde gogorrak, eta hiru eztarri bortitzek lagundutako ahots indartsua. Bertze ezaugarria programazio elektronikoa da, Patxi baxuak erran digun bezala, "aurreko diskoan baino arras garrantzitsuagoa". Baten eta bertzearen eraginez, kantu bat baino gehiago dantzarako gonbite zuzena da.
"Homologao" da diskoaren izenburua. Zergatik, baina? Hona hemen Patxiren erantzuna:"Molde baten barruan sartuta eta koadratuta dagoen guztia salatu nahi dugu. Askok galdetu digute zergatik jarri dugun izenburua gaztelaniaz. Baina horixe esateko beste modurik ez genekien". Inork ez dezala okerrik pentsa, hala ere. Buitraker-eko putreek euskaraz abesten baitute. UPNkoak –horiek bai putreak- harrituta geratuko lirateke Iruñean zenbat talde euskaldun dagoen jakingo balute: Leihotikan, Dank, Hemendik At… gehienak Gor disketxearen ingurukoak.  
Azaroaren 20tik aurrera han eta hemen ibiliko dira diskoa aurkezten. Ez galdu zuzenean ikusteko aukera.