Bruselak kexa guztiei entzungor egin die, eta energia nuklearrari zein gasari etiketa berdea eman dio
Azken hilabeteetan jasandako presio politikoari eta sortutako polemikei entzungor, gas naturaleko eta energia nuklearreko inbertsioek etiketa berdea eta jasangarria izango dute. Pasa den asteazkenean, Europar Komisioak hala onartuta, sailkatze sistema honekin, inbertsoreei jakinaraziko zaie energia nuklearra eta gas naturala "helburu klimatikoak lortzeko" eta "trantsizio energiatikorako" bermea eskaintzen dutela. Bruselaren ustez, gas naturala zein enegia nuklearra gakoa dira trantsizioa bermatzeko eta sistema garbiago baterantz zubi lanak egiteko, baita ikatzik gabeko ekonomia bat eraikitzeko ere.
"Trantsizioan zehar irtenbide ez perfektuak onartu beharko ditugu. Erabaki hau, beharbada, ez da perfektua, baina irtenbide erreala da neutralitate klimatiko baterantz hurbiltzeko", justifikatu du erabakia Mairead McGuinnes, zerbitzu finantzarioetako komisarioak.
"Ikatza bezalako energia iturri kaltegarrietatik urrundu behar dugu. Ikatza egun elektrizitate ekoizpenaren %15 da Europan. Erabat ezabatzeko eskura ditugun tresna guztiak erabili behar dira", azpimarratu nahi izan du komisario irlandarrak. Erabaki honek, nahiz eta adituen eta herrialde askoren gaitzespena jaso duen, gas naturala eta energia nuklearra trantsizio moduan erabiltzeko asmoa du Europak. Honela, oraingoz, energia nuklearra eta gas naturala energia iturri jasangarriak izango dira Europar Batasunean. Erabakiak erakunde ekologisten haserrea piztu du.