Brigi (Koma): “"Hemen gaude, gogotsu jarraitzen dugu”"

Brigi (Koma): “"Hemen gaude, gogotsu jarraitzen dugu”" https://www.gaztezulo.eus/albisteak/brigi-koma-quothemen-gaude-gogotsu-jarraitzen-duguquot/@@download/image/2011622598koma__1361377176.jpg
2011/06/03
elkarrizketa
Testua: Xebas
Duela hiru urte argitaratu zuten 'Sakeo', eta orain 'La Maldición Divina' lanarekin itzuli dira eszenara. Disko onduagoa da, eragin berriekin. Su Ta Gar eta Mr. Fylyn taldeetako jendeak kolaboratu du, besteak beste. Gaur egun estatuko metal banda onenetakoaren 12 korte. 'La almohada cervical' kantaren bideoklipa ere dakarte, Komako jarraitzaileei diskoa bezainbeste gustatuko zaiena. 

Kasik 15 urte pasatu dira lehenengo diskoa kaleratu zenutenetik. Ze desberditasun topatuko dutu haren eta 'La Maldicion Divina' honen artean?
Ba, gauza asko. Ekoizpena zainduagoa da eta, batez ere, nabari da geure-geurea den soinua lantzen ari garela, beste eragin batzuk jasota. Diskoa entzundakoan konturatuko zarete.

Heavy metal dosi handia dakar, beste zenbait estilorekin batera. Hastapenetara itzultzen ari al zarete, txikitatik odolean daramazuen musikara?

Ez gara estilo bakarrean iltzatutako talde itxia, baina egia da metalak arrasto nabaria utzi zigula hasieratik.

Promoziorako grabatu duzuen bideoklipa ere nahiko heavya da, eta heavya du hizpide gainera.

Santanderren (Espainia) grabatu dugu, industriagune batean, azken bideoklipak ekoiztu dizkigun enpresa berarekin. Edigrafica du izena, arte eta diseinu enpresa bat da, eta primeran moldatzen gara beraiekin.

Lehenengo, Itoizen 'Maria gora'ren egokitzapena egin zenuten; eta orain Gontzal Mendibilen 'Bagare'rekin ausartu zarete. Zergatik edo nondik datorkizue euskal artisten lanak berrasmatzeko bulkada hori?

Euskal kulturarekiko sentitzen dugun identifikaziotik. Hori bezain sinplea da.

Urteak pasatu dira baina hasierako berberek jarraitzen duzue, nahiz eta Brigi beste banda batzuetan ere aritzen den. Zer moduzko sasoia duzue?

Tira, zahartuta, gizenduta eta burusoil gaude denok –barrez–... baina abentura honetan murgiltzeko elkartu ginen lehenengo egun hartan bezain gogotsu edo gogotsuago jarraitzen dugu. Egiten duguna egiten dugula, hemen gaude, hemen jarraitzen dugu.

Nola datoz zuzenekoak?

Eszenaratzea aldatu dugu, jantzi berriak ditugu eta oholtza atontzeko oihalak ere bai, disko berriaren estetikarekin bat datozenak. Bi orduko zuzenekoak jotzen ari gara: ia disko berri osoa goitik behera, eta diskografiako beste zeinbat kantu ere bai.

Krisia, modu batera edo bestera, rock bandak kolpatzen ari da, artistak kexu dira. Komak ere nabaritu al du ondoriorik?

Guk, egia esan, ez daukagu kexatzeko arrazoirik, lan handia egin duen taldea izan baikara beti; baina hala ere nabari da, bai.

Disko berria kalean, eta horrekin batera pirateoak eta deskargak. Ze iritzi duzue Espainiako Sinde legeari dagokionez, adibidez?

Ez dut auzia oso gertutik jarraitzen, egia esan. Baina pentsatzen dut ahal duten guztia debekatu eta kontrolatu nahi izango dutela beren onerako, aberasteko. Argi dago garai berrietara egokitu beharra dagoela, eta industria diskografikorako bestelako formulak bilatu. Baina badakizu, jende honek edozein aitzakia baliatzen du dena gero eta gehiago kontrolatzeko, eta edonola aberasteko.

Deskargak erabiltzen al dituzue bandak ezagutu eta diskoak entzuteko?

Bai, noski, hori da teknologia berriek dutena. Disko gutxiago saltzen da orain, baina dena azkarrago doa eta panorama zabalagoa da.

Zu arduratzen zara musika konposatzeaz, eta hitzak Rafak idazten ditu. Zein da Natxoren eta Juanen papera taldean?

Normalean zuk diozun moduan funtzionatzen dugu, baina gero, entsegu lokalean, abesti bakoitza guzti-guztion artean fintzen dugu.

Betiko ekoizlearekin jarraitzen duzue, Miguel Aizpunekin. Ez al duzue sekula pentsatu aldatzea?

Bai, gustatuko litzaiguke nazioarte mailako giri horietako batek ekoiztea gure diskoa... baina patxadazale bihurtu gara. Gure etxean grabatzea gustatzen zaigu, gauzak lasaitasunez egitea, ordutegi hertsirik gabe. Modu honetan konponketak egin ditzakegu estudioan, beste leku batean ezinezkoa litzateke daten muga dela eta.

Zergatik pasatu dira hiru urte azkeneko diskotik?

Urte batzuk daramatzagu hau lasaitasunez hartzen. Lehen gelditu gabe ibiltzen ginen biretan, grabatzen... horrek izugarri nekatzen du eta pentsatu genuen ez zela ona taldearentzat. Hortaz, azken hiru diskoak lasaitasunez hartu ditugu.

Bukatzeko, hitz batzuk Koma zaleentzat...

Ba, elkarrizketa hau irakurtzen ari den jendearentzat agurrik beroena eta... kontzertuetan ikusiko dugu elkar! Mila esker denei, osasuna!