Brigada Criminal: Punk mandamentuak

Brigada Criminal: Punk mandamentuak https://www.gaztezulo.eus/albisteak/brigada-criminal-punk-mandamentuak/@@download/image/53p8-1.jpg
2005/06/03
elkarrizketa
Brigada Criminal taldea duela bost urte inguru hasi zen gerra ematen. Talde honetako partaideak ez dira atzo goizekoak musika munduan, aurretik Fist Fucking, Los Rockinson eta Faktoria 77 taldeetan arituak baitira. Oraintsu, "Gure mandamentuak" izeneko lehen disko luzea kaleratu dute Gor diskoetxearekin. 

Zeintzuk dira kanta on bat egiteko mandamentuak?
Gitarrak indartsu jarri behar dira, ahotsak melodia pixka bat izan behar du, punteo on batzuk gehitu, eta bateriak erritmoa ondo jarraitu dezala. Horiexek dira gure mandamentuak.

Joan den urtean "Osti bi" izeneko diskoa atera zenuten Stupenda Jones taldearekin batera. Nolako esperientzia izan zen?

Esperientzia ona izan zen. Gor diskoetxekoek aukera eman ziguten diskoa bi taldeen artean egiteko, eta nahiz eta hasieran zalantzak izan genituen, konpartitutako disko bat batere salduko ote zen, azkenean nahiko ondo saldu da. Disko horrek ate asko ireki dizkigu, kontzertuak emateko eta abar. Diskoetxe batekin hasten bazara, gehiago deitzen zaituzte zuzenean aritzeko.

2000 urtean lehen maketa kaleratu zenutenetik "Gure mandamentuak" honetara, asko aldatu al da Brigada Criminal?

Garai hartan gaztelaniaz abesten genuen, eta orain gehiena euskaraz kantatzen dugu: hori da alde nagusia. Kantak ateratzeko orduan, aldiz, betiko sistema bera erabiltzen dugu, baina orain gehiago elkar ezagutzen dugunez, behar bada dinamika bat sortu dugu kantak egiteko. Laster, gure lehen maketa biniloan aterako du Gironako Candem Town Records diskoetxeak.

Frenopatiks taldearen bertsioa sartu duzue diskoan, zer dela eta?

Bergarako gaztetxeak ateratako bilduma batean Frenopatiks taldearen abesti hori atera zuten, zuzenean grabatua eta nahiko soinu kaskarrarekin. Kanta ona iruditu zitzaigun, eta azkenean, Frenopatiks-eko kantariak berak abestu du diskoan.

"
Euskal eskubia" kantan nor kritikatzen duzue?
Haritz Artolak, gure kantariak, egiten ditu hitzak eta hari galdetu behar zenioke. Batere gustatzen ez zaigun jende "pijoaren" kontrako abestia da.

Bonberenean grabatu zenuten diskoa, Karlos Osinagarekin. Zer moduz joan zen?

Oso ondo, uste baino askoz azkarrago joan zen dena. Bigarren egunerako, bateria eta baxua bukatuta utzi genituen. Astebetean grabatua genuen dena, eta beste astebete genuen nahasketetarako. Karlos Osinagarekin oso giro ona izan dugu, teknikari ona da, eta gainera, psikologo samarra ere bada. Urduritasun uneetan, taldeko jendea lasaitu egiten du Karlosek.

Zer moduzko uda datorkizue?
Oso ona, dagoeneko kontzertu pila ditugu hartuta.